1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerrien finantzaketa indartu dute

Ataria 2024ko irailaren 12a

Atzo onartu zuten finantzaketa modu berria. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Atzoko osoko bilkuran, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 15/1994 Foru Arauaren egokitzapena onetsi zuten, zeinak udalerri txikienek Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez jasotzen duten kopurua arautzen duen. Eskualdeari dagokionez, neurriak 18 herriri eragiten die.

Arau horren egokitzapenak 1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerrien azken urteotako eskariari erantzun nahi diola esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak, horrela haien finantzaketa indartuz. Eskualdeari dagokionez, 18 herriri eragiten die: Orexa, Baliarrain, Gaztelu, Elduain, Larraul, Belauntza, Hernialde, Albiztur, Abaltzisketa, Alkiza, Leaburu-Txarama, Altzo, Ikaztegieta, Aduna, Bidania-Goiatz, Lizartza, Amezketa eta Berastegi. Behin araua egokituta, udalerri txikien finantzaketa egungo errealitatera egokituko dela esan dute.

Hasieran, aipatutako foru arauak ezartzen zuen, biztanleriaren arabera udalerri guztiek urtero jasotzen zuten kuotaz gain, kopuru gehigarri finko bat esleituko zaiela, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko. Banaketa gehigarri hori berrikusi gabe zegoen 1994. urteaz geroztik. Arau horren egokitzapenaren bidez, eta Batzar Nagusietan onartu ostean, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek, 2025etik aurrera, haien biztanleriaren arabera dagokien kuotaz gain, erreserbatuta izango dute urte bakoitzeko Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) %1,2, eta zati berdinetan banatuko da udalerri horien guztien artean.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak txalotu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egokitzapen proposamenak Batzar Nagusietan izan duen adostasun zabala. «Neurri hori erakundeen arteko adostasunaren eta elkarlanaren emaitza da», eta «udalerri horien etorkizunaren aldeko apustua egin eta Gipuzkoako lurralde oreka sustatzea du helburu». Agirrek 33 herri horiek duten garrantzia nabarmendu du, gipuzkoar askoren bizileku direnez gero, eta ingurumena eta ingurune naturala babestearen aldetik zein kultur ikuspegitik lurraldeari egiten dioten ekarpena balioetsi nahi izan du; horrela, ondorioztatu duenez, «diru sarrera berri horrek herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzea ahalbidetuko die, garapen sozialean eta ekonomikoan aurrera egiteko».

150 biztanleko udalerri baten adibidea

Adibide gisa, biztanle kopuruaren araberako kuotaz gain, gaur arte 150 biztanleko udal batek atal honetan jasotzen zuen kopuru finkoa 1994tik hona urtero 84.141,69 eurokoa izan da, UFFFren bilakaerak goranzko edo beheranzko joera duen kontuan izan gabe. Orain proposatzen den aldaketa horrekin, udal horrek 244.395,67 euro jasoko lituzke aurten.

1994ko foru arauak kopuru finko bat –momentu hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa– ezartzearen arrazoia izan zen UFFFren balizko jaitsiera batek udalerri txikiei kalterik ez eragitea. Denboraren poderioz, ordea, Udal Finantzaketarako Foru Funtsak gora egiten jarraitu du eta, gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek %0,32 soilik jasotzen dute atal honen bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!