Judo Klub Tolosako Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik bigarren postua lortu dute, 388 punturekin, eta beraien irakasle izan diren Unai Saralegik eta Unai Regillagak laugarren egin dute, 387 punturekin, hirugarren izan den bikoarekin puntuetara berdinduz.
Multzo ezberdinetan tokatu zitzaien sailkapeneko saioan. Finalera multzo bakoitzetik hiru lehenengoak pasatzen ziren. Regillaga eta Etxarri lehenengoak atera ziren, eta pixka bat irristatu ziren giltza batean, eta azkenean hirugarren pasa ziren finalera. Saralegi eta Regillaga fin aritu ziren eta lehen postuan pasa ziren finalera.
«Finalera sailkatzeko helburua bagenuen, baina hortik aurrera ahal genuena egitera joan ginen», esan du Joseba Regillagak. Finalean Saralegik eta Regillagak akats txiki bat izan zuten, baina kata oso ona egin zuten, eta bigarren postuan jarri ziren behin behinean. «Gu gustura geratu ginen nola atera zen, eta beraien aurretik geratu ginen, azkenean bigarren eginez. Ilusio handia egin zigun, ikusten dugulako gure kataren maila igotzen ari dela. Gure irakasleekin lehiatu eta beraien aurretik geratzea berezia izan da eta arraroa», zehaztu du J. Regillagak.
Regillaga eta Etxarrirentzat Hurrengo helburua Las Vegasen (AEB) egingo den Munduko Txapelketa izango da. Bertan 23 urtez azpiko mailan parte hartuko dute. Saralegi eta Regillaga ere Munduko Txapelketa horretan izango dira, senior mailan, eta aurretik Alemaniara joango dira Europako Kopako proba batean lehiatzera.