Izaro Etxarri eta Eñaut Urkaregi omendu dituzte

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 11a, 15:00

Munduko Pistako Junior Txapelketan egindakoagatik omenaldia jaso dute, Adunan, Izaro Etxarri txirrindulari adunarrak eta Eñaut Urkaregi txirrindulari larrauldarrak.

Andoaingo Txirrindulari Eskolak, Danena Kirol Elkarteak eta Adunako Udalak omenaldia eskaini zieten atzo arratsaldean Izaro Etxarri adunarrari eta Eñaut Urkaregi larrauldarrari. Bi txirrindulariek parte hartu berri dute Txinan egindako Munduko Pistako Junior Txapelketan, eta Etxarri txapeldunordea izan da puntuazio proban eta Espainiako errekorra hautsi du taldekako jazarpenean. Urkaregi bosgarren izan da omnium proban, eta taldekako eta bakarkako jazarpenean Espainiako errekorrak hautsi ditu. Herritar ugari elkartu ziren atzo Xabier Usabiaga kazetariak gidatu eta Adunako plazan egindako ekitaldian.

Adunako Udalak txapela, lore sorta eta oroigarri bat oparitu zizkion Etxarriri, eta lore sorta eta oroigarria Urkaregiri. Dantzariek agurra eskaini zieten bi txirrindulariei, eta Amaia Agirrek bertsoak. Horrez gain, Andoaingo Txirrindulari Eskolak Etxarriri eta Danena Kirol Taldeak Urkaregiri irudi bana oparitu zieten.

Txinako Munduko Txapelketan bere buruan konfiantza izaten ikasi duela azaldu zuen Etxarrik. Bere aldetik, Urkaregik esan zuen Munduko Txapelketa batean ez dela egunero parte hartzen, eta «oso polita» izan dela bere burua aurrean eta indarrarekin ikustea. Aurrera begira «lanean horrela segitzeko» asmoa duela esan zuen Etxarrik, eta «ondo inguratuta jarraituz gero, edozein lekutara» iritsi daitekeela. Urkaregik ere etorkizunean «lanean jarraitzeko» asmoa erakutsi zuen, eta orain arte bezala «ondo inguratuta» izaten segitzeko.

Kristina Rodriguez alkateak bi txirrindulariak zoriondu zituen, eta beraien lana goraipatu zuen: «Badakigu gogor lan egin dutela honaino iristeko. Izaro egunerokotasunean ikusten dugu txikitatik gogor entrenatuz maila horretara iritsi ahal izateko. Udaletik zein herritarrengandik babes eta indar guztia ematen diogu». Udalak «eskuak zabalik» izango dituela gaineratu zuen, «orain arte izan dituen moduan», eta «aurrera jarraitzera» animatu zion, «Adunaren izena ahalik eta urrutien iritsi dadin. Gainera, Izaro emakumea izanik, are eta gehiago; adin horretan emakumeak maila horretara iristea oso zaila da, eta gure animo guztiak ditu horrela jarraitu dezan».

Andoaingo Txirrindulari Eskola eta Danena Kirol Elkartea batu egin berri egin dira, eta bertako kide diren Jon Goikoetxeak eta Ana Usabiagak hitz batzuk ere egin zituzten omenaldian. «Poz handi bat da mundu mailako horrelako bi txirrindulari izatea», azaldu zuen Goikoetxeak. «Orain ez dugu agian hainbeste baloratzen, baina uste dut denborarekin gehiago baloratuko dugula eskuratu dituzten lorpenak». Bere aldetik, Usabiagak esan zuen bi txirrindulariei azaldu zitzaiela aukera hori bazegoela, eta jorratu egin behar zela. «Izarok begiratu zidan moduan, ematen zuen ez zela errealista, baina gero joan gara lortzen markatutako guztia eta posible izan da. Orain elkartu beharko gara eta datorren denboraldirako helburuak markatu beharko ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!