Irailaren 16an hasiko da Ataria Irratia-ren denboraldi berria. Tolosaldean FM bidez entzuteko aukera dago 107.6 frekuentzian. Ataria.eus webgunean ere irratia entzun ahalko da, edozein txoko eta edozein gailutatik. Horrez gain, irratsaio guztiak webgunean zintzilikaturik geratuko dira, nahieran eta noiznahi entzuteko.
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ATARIAko lantaldeak sortutako irratsaioak euskal artisten musikarekin tartekatuko dira. Orain arteko saioek jarraipena izango dute. Besteak beste, Hamaika esateko, Barnebidean, Amalurra, Su txikiak, Kulturari begira, Entzuteko jaioak, Lehen Sektoretik edo Pasahitzak. Aktualitateak, kulturak, ekonomiak, musikak, naturak, barne ongizateak eta beste hainbat gaik ez dute hutsik egingo, beraz, 2024-2025 denboraldian.
20:00etatik aurrera, saio libreen txanda izango da. Eskualdeko herritarrek sortutako saioek denboraldi berrian ere euren lekua izango dute. Saio libreren bat egin nahi duen edo duten herritarrek ataria@ataria.eus helbidera idaztea nahikoa dute, euren asmoak azalduz.
KOLABORATZAILEAK
Aldaketa bakarra izango da arlo honetan. Merezimendu guztiz Aintzane Artolak atseden hartuko du Errezeten txokoan. 100 errezeta egin ondoren, lekukoa emango die beste hainbat sukaldariri. Berrikuntza nagusia hor egongo da, izan ere, eskualdeko herri ostatuetako sukaldariek osatuko dute Errezeten txokoa, bakoitzak errezeta bana eginez.
Horiez gain, Luis Galarraga, Joxe Anjel Sarasola, Idoia Apaolaza, Ainitze Sala, Xanti Nazabal, Alain Rekondo, Amaia Senperena, Agurtzane Belaunzaran, Ura Iturralde, Fabi Jubin, Ramon Olasagasti, Iosu Iztueta, Marimi Ugalde, Izaskun Elizaran, Malentxo Arrospide, Manu Olano, Txepe Agirrezabala, Unai Ugartemendia, Haimar Malkorra, Endika Apalategi, Joxemi Saizar eta Ander Leonek euren atalekin jarraituko dute.
Astelehenean hasiko den denboraldi berriak estudioko ateak zabalik izango ditu, Ataria Irratia elkarlanean aurrera ateratzea baita helburua. Horretarako kolaboratzaile moduan egin daiteke irratsaioa, edo saioaren arduradun bezala. Imanol Artola Felix beteranoa da horren adibide garbia. Gipuzkoako Txapelketak irauten duen bitartean, behintzat, bertsolaritzari buruzko saioa egiten jarraituko du amezketarrak.