Elkarrizketa

«Proiektu hau ezinbestekoa da, sortzaileok herritarrengana gerturatzeko»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 10a, 07:58

Borja Bordonabe aktore eta dantzari tolosarrak bi ikuskizun eskainiko ditu datozen asteburuetan, Labo Geo topaketetan. Igande honetan, irailak 15, Larraulen izango da, 'Batu' ikuskizunarekin; irailaren 22an, berriz, 'Solo' emanaldia eskainiko du, Mutiloan.

Zergatik da garrantzitsua horrelako topaketak egitea?

Gaur egun, ez bakarrik landa-eremuko herrietan, hiriburuetan ere, antzezten dugunean edo dantza saioak egiten ditugunean, publiko falta izaten dugu. Hortaz, proiektu hau ezinbestekoa da, sortzaileok herritarrengana gerturatzeko.

Zertan lagunduko du datozen asteburuetan zuen lanak landa-inguruetan aurkezteak?

Gure lanak eta sorkuntza prozesuak bertatik bertara ezagutzeko balioko du. Gainera, herri txikietako biztanleak ez ezik, hiriburuetakoak bertaratzea ere nahi dugu. Bertan ikusitakoa gustatuz gero, baliteke aurrerago gure lana babestu eta sustatzeko esfortzu handiagoa egitea.

Landa eremuko herriren batean dantza egin al duzu inoiz?

Ez. Lehen aldia izango da. Orain arte, hirietan aritu izan naiz.

Eta zer espero duzu?

Herritarrek erantzungo dutelakoan nago, eta giro polita sortuko da. Herri askotan, gainera, familia handi bat osatzen dute eta horiek topaketen parte izatea ederra izango da.

Igandean, ‘Batu’ ikuskizuna eskainiko duzu Larraulen, Myriam Perezekin batera. Nolako saioa izango da?

Gure ondarearen, orainaren eta etorkizunaren aldarrikapena da. Gure sustraiak ahaztu gabe, gure geroa ospatzen du denboran zehar egindako bidaian, gorputzen, mugimenduen, musikaren eta jantzien barrena.

Hilaren 22an, ’Solo’ emanaldia egingo duzu, Mutiloan.

2020an sortu nuen eta nire bakarkako lehen ikuskizuna da. Egunerokotasunean topatzen ditugun arazoetan du oinarria eta ihes egiteko beharraz honako gogoeta egiten du: edonor da ezkutatzeko gai, baina arazoei aurre egin eta irtenbide bila aritzea da indartsu egiten zaituena.

Bezperan, mugimenduari buruzko tailer txiki bat bideratuko dut, familia osoarentzat. Sormena lantzea gustatuko litzaidake, gorputza lantzeko lengoaiak irakastearekin batera. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!