Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian hirugarren postua lortu du Tolosaldea traineruak, lehen jardunaldian bezala, baina sailkapen orokorrean laugarren postua lortu du, bigarren izan den Donostiarra eta hirugarren izan den Oriotik oso gertu. Donostia Arraun Lagunak traineruak nagusitasunez irabazi du gaurko estropada, eta hirugarren Kontxako Bandera eraman du.
«Pixka bat gorago egotea gustatuko litzaiguke, baina Kontxa oso exijentea da, eta ez da posible izan», azaldu du Tolosaldea traineruko Ramon Erostarbe entrenatzaileak. Orain arteko sailkapen orokorrean laugarren egitea izan da posturik onena eskualdeko traineruarentzat, eta gaurkoan ezin izan da hobetu gutxigatik postu hori. «Denboraldi bikaina egin dugu, eta arantzatxo horrekin geratzen gara, ez garela gai izan postu hori hobetzeko. Baina hau kirola da, eta horrela onartu behar da», azaldu du Erostarbek. Gaurko estropada gogorra izan dela gaineratu du: «Lehen luzea oso ona egin dugu, baina gero norabide bat hartu dugu ez dena egokiena izan, baina horrela atera da eta horrekin geratu behar da. Maila honetan pixka bat okertzen bazara ordaindu egiten duzu».
Gaurko estropadarekin bukatu dute denboraldia Tolosaldea trainerukoek eta gaur ospatzea tokatzen dela diote. «Gero hasiko gara pentsatzen hurrengo denboraldian», esan du Erostarbek, eta entrenatzaile postuan jarraituko duela baieztatu du. «Denboraldi oso ona izan da. Liga oso ona egin dugu, eta Kontxan asko borrokatu dugu, oso ondo aritu gara bi jardunaldietan, kontuan izanik guretzat ez direla baldintza egokienak izan, olatu gehiagorekin hobeto moldatzen garelako. Nik bederatzi bat jarriko nioke denboraldiari».
Tolosaldeko arraunlariek ere bederatzi bat eman diote denboraldiari: «Oso pozik gaude Euskotren Ligan lortu dugun bigarren postuarekin, eta pena da Kontxan aurreko urteko postua ez dugula hobetu, baina oso gustura gaude lortutakoarekin».
Sailkapena
Taldea 1. jardunaldia 2. jardunaldia Sailkapen orokorra
- Donostia Arraun Lagunak 10.28,26 10.36,16 21.04,42
- Donostiarra 10.42,06 10.43,02 21.25,08
- Orio 10.37,38 10.48,34 21.25,72
- Tolosaldea 10.40,40 10.46,20 21.26,60
- Astillero 10.49,76 10.55,34 21.45,10
- Chapela 10.54,78 11.01,30 21.56,08
- Kaiku 11.02,28 10.59,72 22.02,00
- Hibaika 11.01,88 11.15,26 22.17,14