2020an sortu zen Bihotz Berdeak programa. Kutxa Fundazioak sustatzen du, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera kudeatuz, eta eragile gehiagorekin elkarlanean. Ikasturtez ikasturte, aukera berriak irekitzen dizkiete gazteei; horretarako, natura aztertzeko diziplinak lantzen dituzte. Sare bat sortua dute, eta bertako kideak dira Jon Ander Galarraga biologo alegiarra eta Andu Aranburu gazte tolosarra.
Zer dela eta sortu zen Bihotz Berdeak programa?
Jon Ander Galarraga: Pandemia garaian sortu zen. Kutxa Fundazioko kideok sortu genuen, eta Gipuzkoan gazte naturazaleen mugimendu bat sortzea zen gure helburua. Lehen edizioa nahiko xumea izan zen. Bost aditurekin, beste hainbeste irteera antolatu genituen, eta deialdi bat egin genuen. 40 lagun baino gehiagoren eskaerak jaso genituen. Pixkana, programa bera garatzen joan da. Aliatu sare bat ere osatu dugu, eta aditu askorekin harremana sendotzen joan gara. Horri esker, urtero saio gehiago antolatu ahal izan ditugu. Lau urteren ondoren, 100 naturazale baino gehiago igaro dira programatik. 100 bihotz berde baino gehiago gara Gipuzkoan, eta esperantza dut gaur egun zaletasun eta jakintza handiagoa izango dutela.
Zertarako balio du eta zein helburu ditu?
Galarraga: Naturarekiko zaletasuna nahiko bitxia da. Gaur egun, futbola, eskubaloia edo pilota maite duen edozein gaztek, mila aukera ditu Gipuzkoa mailan, zaletasun hori garatzeko. Baina zer gertatzen zaio intsektuak, hostoak edo narrastiak gustuko dituen gazte bati? Gipuzkoa lurralde oso naturazalea da, eta gazte askok berezkoa dute naturarekiko zaletasuna, baina ez daukate garatzeko aukerarik. Urte batzuk barru, gizartean oinarrizkoak izango dira naturazaleak, ingurumenari dagokionez, garai txarrak datozelako. Hori dela eta, aukera bat eman nahi genien gazte horiei, zaletasun hori ase eta bide berriak irekitzeko.
Adituen eskutik hilabetean saio bana egiten da, naturagune batean. Zer egiten da saio horietan?
Galarraga: Gazteak natur eremu jakin batera joaten dira. Besteak beste, herpetologoak, entomologoak edo ornitologoak izaten dira beraiekin. Adituen esperientziak ezagutzeaz gain, naturaz ikasi eta lagunak egiteko aukera ezin hobea da. Gainera, STEAM filosofia du programak, hau da, holistikoki gazteak irakasten ditugu, eta naturarekiko zaletasunaz gain, etnografia eta ilustrazio zientifikoa ere txertatuta daude programan.
«Naturaren aldeko proposamenak egitea ondo dago, baina hori egiten duenak zenbat daki naturaz?»
JON ANDER GALARRAGA - Biologoa
Aurtengo ikasturterako matrikulazioa zabalik duzue. Zer egin behar du parte hartu nahi duen gazte batek?
Galarraga: Une honetan, aurre-matrikulazio fasean gaude. Izen-emate ugari izaten ditugu, baina plazak mugatuak dira. Izena ematen dutenak oso naturazaleak izatea eta oso kontzientziatuta egotea nahi dugu. Horrez gain, programarekiko lotura handia izatea nahi dugu, baita guztiz osatuko dutela ziurtatzea ere. Hori dela eta, lehen fase honetan, froga txiki batzuk egiten dizkiegu gazteei, beraiek eta bere profilak hobeto ezagutu eta ahalik eta talde aberatsena osatzeko.
Zergatik da garrantzitsua gazteentzat Bihotz Berdeak bezalako programa bat?
Galarraga: 13 urte dituen gaztetxo batek, hamar urte barru, heldua denean, kargu batzuk izango ditu, agian, pertsona oso garrantzitsua izango da, eta ziur naturazalea dela. Gaur egungo politikak aplikatu nahi baditugu, naturaren aldekoak izan behar dute. Naturaren aldeko proposamenak egitea ondo dago, baina hori egiten duenak, zenbat daki naturaz? Etorkizunera begirako inbertsio bat egiten ari gara, baina etorkizun hori uste baino lehenago helduko da, eta ordurako, naturazaleak eta naturarekiko jakintza duten pertsonak behar ditugu, baita hori transmitituko dutenak ere.
Iaz, Eusko Jaurlaritzako lehen STEAM saria jaso zuen programak. Zer suposatzen du horrek?
Galarraga: Guretzat, diru laguntza ederra izateaz gain, ohore handia da sari hori jasotzea, lan gogor bati egindako errekonozimendua delako. Kalitate baten erakusgarri ere bada eta egonkortasuna eman dio programari. Honek erakusten du naturarekiko zaletasunetik abiatuta, uste baino gai gehiago jorratu daitezkeela.
Zuk, Andu, nola izan zenuen programaren berri eta zer dela eta animatu zinen parte hartzera?
Andu Aranburu: Beti gustuko izan dut natura. 12 urte bete berritan, amaren bitartez izan nuen programaren berri. Asko gustatu zitzaidan eta aurre-matrikula egitea erabaki nuen. Bi ikasturtez izan naiz bihotz berdea, eta aurten ez dut programan parte hartuko.
Galarraga: Hasiera batean, bi urterako zikloa osatzera bultzatzen genituen gazteak. Gero, ordea, estatistika batzuen bitartez, jabetu ginen zaila dela adin tarte horretan bi urteko jarraikortasuna bermatzea, eta beraz, urte bakarrarekin nahikoa zela ondorioztatu genuen. Hala ere, errepikatzeko interesa duenak, aukera dauka.
«Erabat aldatu dit naturarekiko nuen ikuspuntua; orain beste modu batera pentsatzen dut»
ANDU ARANBURU - Bihotz Berdea
Zuri, Andu, etxetik datorkizu naturarekiko zaletasuna?
Aranburu: Ez. Askotan joan izan gara Pirinioetara, eta ikaragarri gozatu izan dut mendian, hegaztiak eta landareak begiratzen eta aztertzen. Esango nuke horregatik naizela naturazalea.
Nolako naturazalea zarela esango zenuke?
Aranburu: Dena gustatzen zait, baina alor bat aukeratzekotan, ornitologia aukeratuko nuke. Beti gustatu izan zait hegaztiak aztertzea, beraien ezaugarriak eta immigrazioa, esaterako. Noizbait, Urdaibai Bird Center zentroko programa batean parte hartzea gustatuko litzaidake.
Zuretzat, zertarako balio izan du bihotz berdea izateak?
Aranburu: Batetik, lagun berriak egiteko. Kuadrillako gainerako lagunen artean inor ez zen naturazalea. Hala ere, programari esker, beste lagun talde bat egiteko aukera izan nuen, eta gainera, zaletasun berdina dutenak. Bestetik, erabat aldatu dit naturarekiko nuen ikuspuntua; orain beste modu batera pentsatzen dut. Espero ez nituen gauza asko ikusi ditut, oroimenean betirako gordeko ditudanak, eta asko ikasi dut.
Nola animatuko zenituzkete gazte berriak parte hartzera?
Galarraga: Ziur naiz inguruan Andu bezalako naturazale mordoa daudela, eta guztien beharra daukagu. Naturazalea eta gaztea bazara, ezinbestean parte hartu behar duzu.