'Ataria Irratia'-n irratsaio bat egin nahi duenak estudioa zabalik dauka

Ataria 2024ko ira. 4a, 07:59

Ataria Irratia-k saio libreak egiteko erraztasun guztiak jarri nahi ditu: bakarka edo taldean; zuzenean edo aurrez grabatuta...

Ataria Irratia-ren 2024-2025 lan-urtea irailaren 16an hasiko da. Azken urteetan bezala, herritarrei irratiko estudioa zabaldu nahi zaie Saio libreak atalean. 20:00etatik aurrerako tarte horretan, edonork egin ahalko du bere saioa, nahi duen gaiaren inguruan. Banaka edo taldean, aurrez grabatuta edo zuzenean... norberaren baldintzetara egokituriko saioa izango litzateke. Norberak erabakiko luke zer eta nola egin.

Horretarako, Ataria-rekin jarri behar da harremanetan, 943 65 56 95 zenbakira deituta edo ataria@ataria.eus helbidera mezua bidalita.

Lan-urte berria

Irailaren 16tik aurrera Ataria Irratia irratsaioz beteko da. Egunean zehar Ataria-ko lantaldeak egindako irratsaioak entzuteko aukera izango da: kirola, natura, sendabelarra, gazteak, kultura, psikopedagogia, errezetak, historia... izango dira astelehenetik ostiralerako tartean. Iluntzetan, berriz, saio libreak izango dira: musikari buruzkoak, bertsolaritzari buruzkoak eta abar. Herritarrek euren ekarpena egiteko aukera tarte honetan izango dute.

Ostiraleko astekaria

Kolaboratzaileek Ataria astekaria ere eskura dute nahi dituzten ekarpenak egiteko. Iritzi emaile bezala zeure burua ikusten duzula? Gurean tartean duzu. Zure argazkiak, ilustrazioak paperean argitaratuta ikusi nahi dituzula? Ataria astekaria da zure tokia. Jakintasun bereziren bati irakurleekin partekatu nahi duzula? Ostiraletan tartea izango duzu. Kultura, zientzia maite duzula? Partekatu Atarikideekin!

Ataria-rekin jarri harremanetan, 943 65 56 95 zenbakira deituta edo ataria@ataria.eus helbidera mezua bidalita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!