Tolosaldeak hirugarren egin du Kontxako Banderaren lehen jardunaldian

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 1a, 14:36

Datorren igandean bigarren postua lortzea «sekulakoa» izango litzatekeela esan du Ramon Erostarbe entrenatzaileak.

Tolosaldea traineruak ohorezko txandan parte hartuko du datorren igandean, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian, gaur hirugarren postua lortu ondoren. Donostia Arraun Lagunak izan da lehen sailkatua, 10.28,26 eginez, eta ondoren Oriok egin du bigarren denbora onena, bederatzi segundotara. Tolosaldeak hamabi segundora amaitu du eta Donostiarrak ia hamalaura. Lau horiek izango dira ohorezko txandan, eta lauen artean banatuko dituzte lehen postu horiek. Lehen txandan arituko dira Astillero, Chapela, Hibaika eta Kaiku.

Aurtengo Kontxako Bandera oso eskura du Donostia Arraun Lagunak traineruak, abantaila handia baitu. Hala ere, datorren igandean Tolosaldea dena ematera joango dela azaldu du Ramon Erostarbe entrenatzaileak: «Arraun Lagunak ontziak bandera erdia etxean du, baina datorren iganderako aurreikuspenen arabera, itsaso dezente izango da, eta ahal dugun guztia egingo dugu». Kontxako Banderan bigarren postua lortzea «sekulakoa» izango zela gaineratu du: «Tolosaldearen postu onena laugarrena izan da. Aurten bigarren geratzea denboraldi hasieran denok sinatuko genuke; izugarria izango litzateke bigarren egitea».

Gaurkoan lortutako emaitza «oso positiboa» izan dela esan du entrenatzaileak, ikusita nola hasi den estropada. «Baldintza nahiko kontrakoak ziren guretzako, itsasoa baldin badago hobeto egiten baitugu arraun. Lehen txandatik bigarrengora aldaketa handia izan da haizean, eta estropadako bukaera ikusgarri egin dugu». Tolosaldea Arraun Lagunak eta Donostiarra ontzien atzetik hasi da lehen luzean, oso bare zegoen itsasoan. Lehen hiru minututan gehiago kostatzen dela esan du Erostarbek: «Gogorrago dago, sakonera gutxiago dagoelako. Gero, irlaren ondoren, arinago egiten duzu arraun, eta hobeto aritzen zara. Itzulera ikusgarria egin dugu, denei denbora kenduz, eta hori da balio diguna». Alde positiboarekin geratu nahi du entrenatzaileak: «Ondo egin dugu itzulera, altxatu egin dute egoera, nahiko atzetik gindoazelako, eta jakin izan dugu errekuperatzen».

Ontziaren barrutik bizitu dute Maialen Amondarain patroiak eta Nerea Agirrezabal arraunlariak gaurko estropada, eta borrokatua izan dela azaldu dute. Bideo batean daude bere adierazpenak.

Emaitzak
  1. Donostia Arraun Lagunak     10.28,26
  2. Orio                                            10.37,40
  3. Tolosaldea                             10.40,40
  4. Donostiarra                              10.42.06
  5. Astillero                                     10.49,76
  6. Chapela                                      10.54,78
  7. Hibaika                                      11.01,88
  8. Kaiku                                          11.02,28
Erlazionatuak

«Estropada borrokatua izan da»

Imanol Garcia Landa ira 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!