Ederra egin du Tolosaldeak Zarauzko Ikurriñaren bigarren jardunaldian. Lehenengo txandan atera dira eskualdeko arraunlariak, Tiran, Hibaika eta Cabo da Cruzekin. Bada, Tolosaldea jaun eta jabe izan da, 11:15eko denbora eginez. Bigarren txandan, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunak atera dira, eta ezin izan dute Tolosaldekoek ezarritako denbora hobetu.
Jardunaldia irabazita eta 8 puntu lortuta, Euskotren Ligako sailkapenean bigarren posturaino igo da Tolosaldea. Lehen aldiz lortu du taldeak txapeldunorde postuan kokatzea.
Gaurko jardunaldiari dagokionez, bigarren postuan Arraun Lagunak geratu da, 11:18ko denborarekin eta hirugarren izan da Donostiarra, 11:20rekin. Laugarren Orio (11:29) izan da, bosgarren Hondarribia (11:50), seigarren Hibaika (11:52), zazpigarren Cabo da Cruz (12:05) eta zortzigarren Tiran (12:06).
Atzo arratsaldean jokatu zen Zarauzko Ikurriñaren lehenengo jardunaldia Arraun Lagunak (11:12) irabazi zuen. Bigarren izan zen Orio (11:20), hirugarren Hondarribia (11:23), laugarren Donostiarra (11:27), bosgarren Tolosaldea (11:32), seigarren Cabo da Cruz (11:37), zazpigarren Hibaika (11:42) eta zortzigarren Tiran (12:15).
Sailkapen orokorra
- 1 Donostia Arraun Lagunak 127
- 2 Tolosaldea Arraun kluba 96
- 3 Orio 94
- 4 Donostiarra 92
- 5 Hondarribia 69
- 6 Hibaika 42
- 7 Cabo da Cruz 37
- 8 Tiran 19