Tolosaldeko turismo gidan hainbat berritasun egin dituzte

Aitor Arroyo Askarai 2024ko uzt. 25a, 07:59

Labaien, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordea; Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea; Dominguez, diputatua eta Garcia, aldundiko turismo zuzendaria. A. A. A.

Bost hizkuntzatan argitaratu dute gidaliburua eta, berrikuntzen artean, «turista etikoaren» gomendio batzuk eta euskarazko hiztegi «labur» bat jarri dituzte.

Eskualdeko turismo eskaintzaren gidaliburua berritu du Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak. Hemendik aurrera bost hizkuntzatan egongo da eskuragarri gida: euskaraz, gazteleraz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Horiez gain, beste hainbat berritasun ere egin dituzte, horien artean, «turismo jasangarri» bat lortzeko «turista etikoaren» zenbait gomendio, «ezinbestean» bisitatu beharreko hamar lekuren zein esperientzien aukeraketa, eskualdeko 28 herrietara iristeko garraiobideen gida, haurrekin bidaiatzen duten familientzako mapa eta euskarazko hiztegi «labur» bat.

Aipatutako gidaliburua digitalean zein fisikoan eskuratu daiteke: paperean, Tolosaldeko turismo bulegoan, zeina Tolosako Plaza Zaharrean dagoen; eta, digitalean, tolosaldea.eus web orrialdean. 
Arduradunek azaldu dutenez, informazioa «ematea ez ezik», gidaren helburuetako batzuk dira bisitaria «bertako bizitzan» murgiltzea eta «benetako esperientzia aberasgarriak» izatera animatzea.

Liburuxkaren ezaugarriak
Zortzi alorretan egituratu dituzte turismo gidaren atalak: batetik, mapak, eskualdean turismoa modu «jasangarrian eta arduratsuan» esploratzeko ibilbideak; bestetik, gastronomiari, naturari zein aire libreko jarduerei eta kulturari dagozkien gomendioak, jardueren proposamenak eta bisitatzeko iradokizunak; eta, horiekin batera, jateko zein lo egiteko lekuei buruzko informazioa eta ekitaldien agenda, hau da, urtean zehar ospatzen diren azoken, jaien eta ekitaldien egutegia.

Eta, horiez gain, aurrez aipatu bezala, bi berrikuntza ere txertatu dituzte atalen zerrenda horretan: batetik, «ezinbestean» bisitatu beharreko lekuen eta esperientzien gida; eta, bestetik, haurrekin bidaiatzen dutenentzat, mapa «berezia» eta egokitutako eskaintzen laburpena.

«Aurrerapauso» bat
Tolosako Andu Martinez de Rituerto alkatearen hitzetan, gidaliburua «aurrerapauso bat gehiago» da «turismo jasangarrirako» bidean: «Kanpotik datozenentzat zein eskualdea dagoeneko ezagutzen dutenentzat informazio gaurkotua eta osatua jasotzen duen gida berria aurkeztu dugu».

Udaleko ordezkariak azaldu duenez, 2021ean Tolosaldeko marketin planaren estrategia osatu zuten, eta hari lotuta sortu zuten «eskualdeko marka berria». Plan horri jarraituz osatu dituzte, besteak beste, turismo bulego berria, webgunea, sustapen kanpainak, turismo azoketako irudia eta «sustapen euskarri ezberdinak».

Gipuzkoan turismoa barne produktu gordinaren %7,1 izatera iritsi dela nabarmendu du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, eta gehitu du egoera ez dela «ezberdina» Tolosaldean: «2024ko hilabete guztietan turisten etorrerak gorantz egin dute, bereziki, maiatzean: aurreko urtearen aldean, %9,3 puntuko igoera izan baitu. Urte-sasoiaren araberako turismo joeraren aurkako eta lurraldearen banaketa orekatuaren aldeko lanaren emaitza da hori».

Era berean, gogora ekarri du Gipuzkoako Turismoaren Behatokia, zeinak «informazio baliagarria eta esanguratsua» jasotzen duen sektorearentzat eta «lagungarria» den «eragile guztientzat». Gida berria sortu izanagatik zorionak eman dizkie diputatuak parte hartu duten eragile guztiei, eta eskerrak ere eman dizkie denei, emaitza lortzeko egin duten «lan profesional eta sakona» dela-eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!