Lurraldebuserako indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa hizketagai

Ataria 2024ko uztailaren 22a

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Lurraldebus zerbitzuan indarkeria matxistaren aurkako lehenengo protokoloa landu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta gaia lantzeko Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Alegiako, Asteasuko, Larraulgo eta Zizurkilgo alkateekin bildu da.

Bilera Larraulen izan da eta bertan izan dira Alegiako Regina Sorrarain, Asteasuko Pili Legarra, Larraulgo Maite Arana eta Zizurkilgo Maite Amenabar alkateak. Gipuzkoako Foru Aldundia Lurraldebus zerbitzurako indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa egiten ari da eta Larraulgoa bigarren bilera izan da, izan ere, joan den astean beste eskualde batzuetako ordezkariekin bildu ziren. Horiek horrela, bilkuraren ondoren aldundiak zabaldutako oharrean, Azahara Dominguez diputatuak azaldu du protokoloaren helburua dela emakumeen segurtasuna bere osotasunean bermatzea: «Helburua da emakumeek garraio publikoan duten segurtasunari osotasunean heltzea, hau da, zerbitzuak berak irauten duen denboran, baina baita horien geralekuetan edo irisgarritasunean dauden bitartean ere, espazio hori guztia indarkeria matxistetatik libre egon dadin». Izan ere, diputatuak esan du emakume askok segurtasun eza autobusetik kanpo izaten dutela, eta horrenbestez autobus geralekuetan azpimarra jarri nahi dutela. «Beharrezkoa da garraio publikoa emakume guzientzako espazio seguru bat izatea, baita igo baino lehen ere. Horretarako, elkarlanean aritu behar dugu udalekin, denon artean emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak ezabatzeko pausoak emateko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!