Julen Gabirondok jantzi du Euskal Herriko txapela zazpigarrenez

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko uzt. 20a, 20:52

Mikel Lizartza, Julen Gabirondo eta Jokin Etxeberria sari banaketan. N.R.A.

Julen Gabirondo urnietarrak moztu du belarrik gehien, gaur, Zizurkilgo Nekola zelaian. Honela, Euskal Herriko Sega Txapelketako txapelduna izan da. Atzetik, eskualdeko bi segalariak izan ditu: Jokin Etxeberria bigarren, eta Mikel Lizartza hirugarren.

Arratsaldeko seietan txilibituak jo eta segalariak Euskal Herriko Sega Txapelketak eskatutako lanetan hasi dira. Aurretik, ordubete zuten zeinek belarrik gehien moztu, 60 minutuan.

Ordubeteko sargoria amaituta, eta hiruak lanean etenik gabe aritu eta gero, Julen Gabirondo urnietarrak 2.159,5 kg moztu ditu, eta horrenbestez, Euskal Herriko txapela janzteko txartela berak eskuratu du. Jokin Etxeberria Bedaion bizi den amasarrak 1.797 kg moztea lortu du ordubetean, bigarren postua lortuz. Eta azkenik, Mikel Lizartza tolosarrak 1.646,5 kg moztu ditu guztira, hirugarren postua ezinbestean berea izan da.

Lehen sailean aurrea hartu du Etxeberriak, baina bigarren sailetik aurrera, Gabirondo kokatu da lehen postuan. Proba guztian zehar atzetik izan dute Lizartza segalaria.

Biltzaileen lana

Segalariek sail bakoitzeko lana amaituta, atzetik izan dituzte biltzaileak, moztutako belar guztia bildu eta pisatzeko. Epaileen lana ez da falta izan, sail batetik bestera, segalari eta biltzaileen lana adi-adi jarraituz.

Hiru behar, lehiaketa izateko

Euskal Herriko txapelketa lehiatu ahal izateko hiru segalari izatea ezinbestekoa da. Trantze horretan dago sega, batek huts eginez gero, ez litzateke probarik antolatuko. Horretaz hitz egin du Julen Gabirondok: «Zerbait pentsatu beharra dago, gazteak Almintzako saioetan aritzen dira, 10-15 bat gazte izango dira, 18 urte bueltakoak, baina 100 metro koadro moztetik hona, salto handia dago; zerbait pentsatu beharra dago gazteak pixkanaka animatzeko. Esaterako, beste txapelketa motzagoren bat antolatu».

Julen Gabirondo: «Gaur gauzak txukunago egitera joan naiz»

Julen Garibondo pozik azaldu da zazpigarren txapela jantzi berritan, txapela bera zendu berri den bere orain arteko entrenatzaileari eskaini nahi izan dio, Oiartzungo Joxe Otegiri.

Gipuzkoako Txapelketako akatsak ikasita etorri dela aitortu du Gabirondok: «Asko ikasita; galtzeak mina ematen du, beti irabazi nahi dugu baina galtzeko momentu horretan gauzak asko aztertzen ditut, horregatik saiatu gara ahal zena mejoratzen. Oso kontzentratuta etorri naiz». Azpiko lanetan ez zen fin aritu duela 15 egun Asteasun, eta gaurkoan buelta eman dio: «Gaur joan naiz gauzak txukunago egitera, hasieratik fuerte hasi nahi nuen, ea Jokini buruan klak egiten ote nion; Lizartzarekin beldurra nuen, belar klase hau txiki samarra eta arina da, eta bere sega klaserako aproposa, baina ikusi dut hasieratik nahiko atzetik zetorrela. Orduan, Jokin eta bion arteko borroka izango zela banekien. Hortxe joan gara biok».

Probaren gogortasunaz hitz egin du txapeldunak: «Proba oso gogorra joan da; hasieratik, tope atera naiz eta Jokinek eutsi egin du. Hirugarrenean tope jo dut, eta hortxe ikusi dut pixka bat alde egiten hasi naizela. Laugarrenean estutu dut, eta ondo nindoala ikusi dut. Eta pixkanaka abantaila handitzen joan gara».

Jokin Etxeberria: «Agonia batean aritu naiz»

Behin ordubeteko txilibituak probaren amaiera jo duenean, Jokin Etxeberria belarretan etzan da, eta lehertuta zegoela adierazi du. Minutu batzuetara, gaurko lehiaz mintzatu da Ataria-rekin: «Nekatuta hasi naiz. esperantza neukan aurrera joateko, belarra samurragoa izango zelako esperantza neukan, baina sufrituta, agonia batean aritu naiz. Erritmo bizian, erritmoa sartu nahi nuen, baina ezin, sufrituta. Ordubete luzea egin zait». Beroa aipatu dute kirolariek baina Etxeberriak ez du aitzakia bezala erabili: «Ez daukat beroak bota nauen sentsaziorik; gehiago izan da nire tentsio hori ezin libratzea. Gozatu ezina. Kilotan diferentzia dezentekoa egon da, nik uste pasa duen sailen diferentziagatik, baina zoriontzea dagokigu». Gipuzkoako txapela jantzi berritan gaurkoagatik ilusioa zuen Etxeberriak: «Posible dela sinestarazi zidan, Gipuzkoan final handia jokatu genuen; sentsazio oso onarekin etorri gara, baina gure lanean ez gara sartu, sufrimendutan lan handia egin dut. Ez dit eragin presioa txapela jantzi behar horrek, banekien beste egun bat zela eta kito».

Mikel Lizartza: «Bukatu dugu eta bakea!»

Mikel Lizartza tolosarra, sari banaketaren ondoren kilo kopuruari erreparatuta «gustura» azaldu da egindako lanarekin: «Lanean aritu naizenean, beroagatik nahikoa komeriarekin ibili naiz, bero handia notatzen zen, izerdi asko bota dut, deshidratazio puntu bat ere antzeman dut, larri antzean baina behintzat bukatu dugu, eta bakea!».

Joxe Anjel Sarasola: «Gabirondori irabazteko segan asko egin beharra dago»

Joxe Anjel Sarasola herri-kiroletan aditua, esatari lanetan egon da proba guztian zehar, eta behin proba amaituta, lehiaketaren balorazioa egin dio Ataria-ri: «Nik uste beroak izan duela zerikusia, batik bat Jokin Etxeberriarekin, jaitsialdi bat izan baitu hasieran,  benetan latza egin du eutsi nahian Juleni, baina pixka bat jaitsi den horrekin hor joan zaizkio kiloak. Bentaja handia atera dio, 300 kilotik gora; orduan, zer esanik ez dago. Hala ere, Jokinek ez du berea eman. Baina orain dela bi aste ikusitako horretatik, kriston bajua hartu du. Mikel Lizartzak berriz, bere lana egin du, bere ordubetea bete du, eta horixe egin du. Irabazleari, zazpigarrena lortu duela. Fenomenoa dela eta berari irabazteko segan asko egin beharra dagoela».

 

 

Erlazionatuak

Euskal Herriko Sega Txapelketa iruditan

Naiara Roldan de Aranguiz uzt 20 Tolosa   Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!