Eki Lizasok Espainiako Junior Txapelketa irabazi du

Ataria 2024ko uzt. 19a, 15:00

Eki Lizaso, podiumaren goiko postuan, Espainiako Junior Txapelketan. DENOK DANENA

Denok Danena halterofilia taldeko pultsulariak 96 kiloko kategorian lortu du garaipena.

Eki Lizaso aurreko larunbatean, uztailak 13, Valentzian (Herrialde Katalanak) Espainiako Junior Txapelketan aritu zen lehiatzen, Ekaitz Kortajarena entrenatzailea berarekin zela. 96 kilo kategorian aritu zen eta txapeldun gelditu zen abiada modalitatean, baita bi denboratan eta total olinpikoan. 136 kilo altxa zituen abiadan eta 170 kilo bi denboratan. Kategoria guztiak kontuan hartuta hirugarren postua lortu zuen. Txapelketa horretan lortutako puntuak baliagarriak izango dira Denok Danena taldearentzat Espainiako Ligaren III. Jardunaldirako.
 
Hain justu, urte askoren ondoren, Denok Danena halterofilia taldeak berreskuratu du Espainiako Ligako 15 urtez azpiko mutil talde bat ateratzea eta hauek dira pultsulariak: Eneko Mesa, Sergio Gonzalez, Mohamed Reda El Byad, Joel Ropero eta Zigor Urretabizkaia. Gogotsu aritu ziren aurreko larunbatean, uztailak 13, Zizurkilgo Pello Mari Otaño herri eskolan eta egin zuten lanaren ondorioz 884,82 puntu lortu zituzten Espainiako Ligaren III. Jardunaldirako. Zizurkilgo saioan baziren beste pultsulari gutxi batzuk ere parte hartu zutenak, baina horiek helduen taldean sartzen dira eta larunbat honetan, uztailak 20, Irunen Gipuzkoako Senior eta Master Txapelketan gainontzeko guztiek (beste 16 pultsulari) parte hartu ondoren, aterako dira ligarako puntuazioak.
 
 

Ekaitz Kortajarena eta Eki Lizaso, Espainiako Junior Txapelketan. DENOK DANENA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!