Gehigarria: ongizatea

Buru osasuna zaintzeko laguntza

Ataria 2024ko uztailaren 24a

Agifes irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta ia lau hamarkada daramatza buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei eta haien senideei laguntza guneak eskaintzeko lanean. Buru nahasmenduei aurre egin behar dieten pertsonei eta familiei laguntza osoa eta pertsonalizatua emateko zerbitzu eta programa sorta zabala eskaintzen dute. 50 profesional baino gehiagok osatzen dute elkarteko lantaldea eta banakako, familiako zein taldeko laguntza ematen dute.

Orotariko zerbitzuak dituzte pertsonen bizitzako arlo ezberdinetan esku hartu ahal izateko: harrera eta orientazio programa, banakako nahiz taldeko arreta psikologikoa, senideentzako formakuntza tailerrak, komunitatean autonomiaz moldatzeko laguntza programa, berdinen arteko laguntza, gazteen arreta eta komunitatean integratzeko programa, besteak beste. Horiez gain, eguneko zentroak eta babes etxebizitzak kudeatzen dituzte.

Baliabide horien xedea, hain zuzen, pertsonen errekuperazioa eta bizi-kalitatea sustatzea da, eta eskarmentu edo esperientzia handia du Agifesek ibilbide horretan, urte guztiotan ehunka pertsonari beren bizi proiektua gauzatzen lagundu baitie.

Zein kasutan jo Agifesera?

Osasun mentaleko arazo anitz artatzen dira Agifesen, larritasun maila desberdinekin, batik bat, eskizofrenia, nortasunaren nahasmenduak, nahasmendu bipolarra, depresioa eta patologia duala, hots, pertsonak buru osasuneko gaitza izatez gain, menpekotasunen bat izatea.

Elkartetik azaldu dutenez, jabetzen dira lehen pausoa ematea ez dela erraza jendearentzat; baina, aldi berean, hori egitearen garrantzia ere nabarmendu dute. Zalantzarik izanez gero, Agifeseko ateak beti zabalik daudela ere jakinarazi dute.

Horretarako dute, hain justu, harrera eta orientazio programa, beharra sentitzen duten pertsonek euren egoera azaldu eta behar dituzten erantzunak eta babesa lortzeko.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!