Saioa Garmendia aditua da ongizate emozionalean, coach pertsonalean, emozioen kudeaketan, adimen emozionalaren garapenean eta mindfulnessean. Ibilbide pertsonala zaintza arloan garatu du urte luzez eta konturatu da bizitzako egoera pertsonal baten ondorioz ulertu zuela benetako ongizate emozionala lortzeko autozainketa kontzientea lantzea oso garrantzitsua dela.
Garmendiak hainbat ikastaro eskaintzen ditu Euskal Herrian zehar ongizate emozionala lantzeko eta tailer horiek hainbat erakunde eta pertsonari bideratuta daude: udaletxeei, ikastetxeei (gazteei zein haurrei), elkarteei, zaintzaile profesional nahiz ez profesionalei, enpresetako langileei, eta norbanakoei. Helburua beti berbera da: norbere burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek kudeatzen ikasteko espazio atsegin eta lagunkoia eskaintzea.
Izan ere, Garmendiaren ustez gizarte hedonista batean bizi gara, hau da, zoriontasuna eta plazera bilatzen duen gizarte batean. Horrek eramaten gaitu etengabe plazera eta zoriontasunaren bila aritzera, eta zenbat eta gauza gehiago izan orduan eta zoriontsuago izango garela pentsatu ohi da. «Zoriontasuna kanpotik datorrela pentsatzen dugu, baina zoriontasuna ez da egoera iraunkor bat, momentuak baizik. Egoera iraunkor hori ez lortzeak estresa eta frustrazioa eragiten dizkigu», esan du.
Gaur egungo gizartearen joera orokor horretan pertsona bakoitzari bere bidea eta ongizate emozionala lortzen laguntzeko baliabideak eskaintzen ditu Garmendiak eta horretarako garrantzitsua da zoriontasunaren eremua zehaztea: Garmendiak zoriontasun hori benetako lasaitasun, poztasun eta ongizatearekin lotzen ditu eta horiek lortzeko gure barrura begiratu behar dela dio. «Geure buruarekin eta ingurunean dugunarekin lasai eta gustura sentitzen garenean, gure emozioak menderatzeko gai garenean eta eguneroko presioei aurre egiteko gai garenean lortzen dugu eta horretarako norberak egin behar du lanketa».
Izan ere, ongizate emozionala lantzeak eguneroko erronkei modu positiboan aurre egiteko gaitasuna ematen duela dio Garmendiak, eta horrek, aldi berean, bizitzan onura handiak ekartzen dituela nabarmendu du. «Gogoratu, zure ongizatea zaintzea zure esku dagoela eta pauso txikiak eginez gero, aldaketa handiak lor daitezkeela».
ONGIZATE EMOZIONALA LORTZEKO 10 AHOLKU
- Kontzienteago bizi. Pilotu automatikotik atera eta hemen eta orain bizi.
- Emozioak sentitu. Emozioak sentitu, ulertu eta onartu, eta horiek identifikatu eta kudeatzen ikasi.
- Autoezagutza landu. Denbora eskaini zure burua ezagutzeko.
- Autoestimua landu. Zure autoestimua landu eta hobetu, zure burua maitatu eta errespetatu.
- Pentsamendu positiboak erabili. Dituzun pentsamendu negatiboez konturatu eta positiboengatik aldatu.
- Komunikazio asertiboa erabili. Zure sentimenduak modu egoki eta eraikitzailean adierazi.
- Esker ona landu. Zure egunerokoan esker ona praktikatu, ikuspegi positibo bat sustatzeko eta duzunaz ohartzeko.
- Arnasketa kontzientea praktikatu. Onura fisikoak eta mentala eskaintzen ditu.
- Erlaxazio teknikak erabili. Zure eguneroko errutinan sartu, duzun estres maila murrizten lagunduko dizu.
- Aisialdia hartu eta partekatu. Momentuak hartu zuretzat eta besteekin egoteko.
- Webgunea. Saioagarmendia.com
- E-posta. saioagarmendia@hotmail.com
- Telefono zenbakia. 655 70 12 03
- Instagram. saioagar_
- Facebook. saioa.garmendia