BAT
Ikasturtean zehar ohikoa izaten da nahi eta ezinean ibiltzea irakurtzeko tartea ateratzeko. Udak ematen du, ordea, erremedioa topatzeko aukera. Hondartzan, igerilekuan, mendian zein terraza batean irakurtzeko aukera paregabeak dira honako bi eleberriak: Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta Gaito Gazdanoven Alexander Wolfen mamua.
BI
Norbere buruarekin edo ingurukoekin esperimentu bat egiteko tartea hartzeko gomendioa da honakoa:
Hiru, sei edo bederatzi eguneko epea hartuko genuke. Jende multzo handiak ekidin eta naturan babestuko ginateke. Estaldurarik gabeko eremua baldin bada, askoz hobe. Ez bada, gutxienez gailu arrarorik ikusten ez den leku bat izango litzateke. 15 minutu inguruz, egunean hiru aldiz, oinutsik ibiliko ginateke asfaltaturik gabeko eremu batean, hau da, belardi batean. Elikadurari dagokionez, antioxidanteak diren elikagaiak jango genituzke. Aukera zabala eta gertukoa da. Edariekin ere gauza bera egingo genuke. Oharra: garagardoa onartzen da! Oinarri horiekin, ea esperimentuaren emaitzak zeintzuk diren!
HIRU
Plan guztiak ez ditugu zertan uztailean eta abuztuan bete behar. Irailerako ere badago kultur proposamenak uzterik. Horretarako plaza aproposa izango da Tolosako Kultura Plazara eta beste plazak ekimena. Besteak beste gure eskualdera Amaia Elizaran eta Neønymus musikaria, Janus Lester, Belako, Mikel Urdangarin eta Mugan izango dira. Gorde hitzordua iraileko azken astebururako.
LAU
Bada leku bat Goierrin, nahiko ezaguna bihurtu dena azken urtetan. Bertako nagusi eta zerbitzarien tratu onagatik, hatzak miazkatzeko egiten duten janarengatik, eta herriak berak duen xarmagatik, Ataunen aurkitzen den Troskaeta tabernan afaltzeko gonbita luzatuta geratzen da.
BOST
Dantza gustuko baduzu, eta aldi berean musika, natura eta elkarrekiko errespetuzko ingurune bat, Danzas Sin Fronteras jaialdia aukera ederra da. 21. da aurtengoan, eta azken urteotan El Pielago izeneko kanpamentuan egiten dute, Navamorcuenden (Toledo, Espainia). Jaialdi autogestionatua da, eta antolatzaileek diotenez, «topaketa multikulturala da, munduko herri ezberdinetako dantza eta musiken bitartez». Abuztuaren 9tik 18ra izango da, eta ez da zertan egun guztietarako joan behar, norberak nahi dituen egunak igaro ditzake. Egun bakoitzean askotariko tailerrak daude, goizetik hasita: dantzak, perkusioa, musika, espresioa eta erlaxazioa... Gauetan kontzertuak izaten dira, nahi adina dantza egiteko, kalitatezko musika taldeekin. Informazio gehiagorako Danzasinfronteras.es webgunea.
SEI
Gazta maite dutenentzako otordua egiteko leku aproposa da Orexako ostatua. Bertan, badira dastatzea merezi duten plater eta errezeta ugari. Horien artean gehien eskatzen den platera da risottoa. Oihan Txiki kooperatibako gazta urdinarekin egiten dute, garai batean ekoizten ziren gazten zaporea gaurkotuta dakarrena.
ZAZPI
Ezagutu Amaiur street escapean parte hartzea uda honetarako beste aukera bat izan daiteke. Amaiurko altxor ezkutua topatu beharko duzu, familia zein lagunekin. Azken batean, Amaiur herria ezagutzeko modu dibertigarria da honakoa.
ZORTZI
Arabako Gesaltza Añanan kokatuta dagoen Gatz Harana bisitatzeko proposamena da honakoa. Une aproposa gainera, zuri-zuri topatuko baituzu. Familia tailerrak aukeran daude, gatza bertatik bertara landuz, aitzinean egiten zen eran. Spa gazian hankak eta oinak plisti-plasta ibiltzeko aukera izango duzu. Gatz lore ezkatak edo gatz lantza opari ederra izan daiteke.