Gehigarria: ongizatea

Erleen hatsa, osasun ufada

Ataria 2024ko uzt. 19a, 10:00

Osasuntsu egon nahi duenak ezinbestean zaintzen du zer jaten eta edaten duen, beraz, zergatik ez egin gauza bera arnasten duenarekin? Erlauntzako aireak denetariko onurak ditu askotariko gaitzen aurrean. Ohiko botikekin eta tratamenduekin aurrerapenik edo eraginik nabaritzen ez duenak, alternatiba natural bat probatzeko aukera du erlauntzako airearekin.

Udaberri eta uda hasiera garaian ohikoa izaten da arnasbideetako arazoak areagotzea: alergiak, asma... Eta horiek bezain ohikoak eta errepikakorrak izaten dira botikak eta erremedioak ere. Tolosaldean, ordea, bada beste aukera bat, hain zuzen, erle airea. Jakina denez, jaten eta edaten dugunak eragina du gure osasunean, eta ez al da hori bezain garrantzitsua arnasten duguna? Ez da inongo sekretua mendian zein basoan arnasten dugun aireak onurak dituela osasunarentzat, batez ere, kaleko airearen aldean. Bada, airearen osagai osasuntsu horiek biderkatu egiten dira erlauntza bateko airean, eta kalean arnas genezakeen airea baino hamar aldiz kalitate hobea izatera ere irits daiteke bertakoa. 
Janariak eta edariak modu jarraikor batean zaintzen dira, beraz, zergatik ez egin gauza bera airearekin? Elikadura ohituren arabera aldatzen da gure osasuna, bada, aireak ere eragiten du horretan. Elikagai bezala ikusi behar da eta, horretan, kalitate handienekoa da erlauntzako airea.


Nola funtzionatzen du?
Zehazki, bi zerbitzu eskaintzen dituzte. Etxoletako batean bost kutxa daude, eta horietako bakoitzak erlauntza bat du barruan. Erabiltzaile bakoitzak erauzgailu bat izango du maskara txiki batekin, erlauntzako airea arnas dezan; ordu erdiko saioak egiten dira bertan. Beste etxolan, berriz, Erleen sauna probatu daiteke: egurrezko bi ohe jarri dituzte eta bakoitzak hiruna erlauntza ditu azpian, sare xehe batekin estalita. Erleek 35 graduko tenperatura izaten dute, eta atmosfera berezia sortzen da bertan; ordubeteko saioak izaten dira. 

Zuzenagoa litzateke lehena, erlauntzako airea zuzenean arnastuko baitu erabiltzaileak. Bigarrena, berriz, leunagoa litzateke, geldoagoa. Bietan lortzen da, aldiz, giro patxadatsu, leun eta epel bat, zeina, era berean, onuragarria den erlaxatzeko eta estresa lantzeko. 

Arduradunek azaldu dute hamar bat saio behar izaten direla eragina nabaritzeko, baina soilik erreferentzia moduan erabiltzen dute zenbateko hori. Hain zuzen, pertsona batetik bestera aldakorra delako saio kopurua: «Batek nahikoa izango du bost saiorekin; eta, beste batek, ez du aldaketarik nabarituko hamabost saiotan ere». Dena dela, egokiena probatzea eta eragina norberak neurtzea dela nabarmendu dute.


Osasunarentzat, oro har, onuragarria
Arnasbideetan arazoak dituzten pertsonak dira erabiltzaile gehienak, baina badituzte parkinsona eta minbizia duten erabiltzaileak ere. Bada, tratamendua probatu ondoren, bizi kalitatean onurak nabaritu dituzte parkinsona dutenek ere. Hori ikusita, arduradunek nabarmendu dute arnas bideetarako ez ezik, orokorrean osasunerako dela onuragarria erlauntzako airea. Minbizia dutenak, berriz, oraintsu hasi dira eta «behaketa eta jarraipen zehatza» egingo dietela ere azaldu dute.
Bestalde, ageriko onura horiez gain, gehiago ere badituelakoan daude. Hain zuzen, sistema immunologikoa indartzeko ere balio duela uste baitute arduradunek. «Immunizazioa hobetzen dela ez gara berehalakoan ohartzen; baina indartzen da. Gaixotasun gutxiago izango ditu sistema immunologiko indartsu bat duen pertsona batek, baina zaila da hori neurtzea. Edo, gaixotuta ere, sintomak arinagoak izatea eragingo du».

atura eta esperientzia oinarri
Medikuek proposatzen dituzten ohiko botikekin eta tratamenduekin nekatuta daudenek aukera paregabea dute zerbait ezberdina probatzeko. Onura guzti-guztiak oraindik ezagutzen ez badituzte ere, arduradunek orain arteko esperientzietan oinarrituta ikusi dute hainbat arlotan dituela onurak.


Jatorri eta oinarri erabat naturalak dituzte proposatzen dituzten bi tratamenduek eta, hori horrela, naturaren erritmoen arabera egiten dute lan. Eta zer esan nahi duen horrek? Erleek, naturak bezala, goraldiak eta motelaldiak dituzte: negu garaian natura geldotzen den bezala gelditzen dira erleak ere, eta hilabete horietan ezingo lukete zerbitzurik eskaini. Erlezainak azaldu duenez, hamabost bat graduko bataz besteko tenperatura behar dute erleek. Hori horrela, erabiltzaileek zerbitzua erabiltzeko aukera izango lukete martxoaren amaiera edo apirilaren hasieratik, urriaren erdialderaino; dena dela, nabarmendu dute aldakorra izaten dela urtearen eta sasoiaren arabera.

Arduradunek egiten dituzten gomendio guztiak esperientzian oinarritzen dituzte, eta ez eurenean bakarrik. Kontatu dutenez, badira antzeko instalazioak Herrialde Katalanetan ere, eta hango arduradunekin harreman iraunkorra eta estua dute. Horrela, gainerako lekuetako esperientziak eta ezagutzak ere saretzen eta jasotzen dituzte. Aitortu dute eskaintza ezagutu berritan jendeak pixka bat mesfidantzaz jokatzen duela, baina behin probatu ondoren gehienek errepikatu egiten dutela, eta, gaitzak edo kasuak edozein direla ere, esperientzia positiboak jasotzen ari dira etenik gabe.

ERLE AIREA

  • Helbidea. Alegiatik Orendainerako errepidea, 3. kilometroa
  • Harremanetarako telefono zenbakiak. 618 254 971 /639 187 809

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!