Villabonako Kale Nagusian du Garintza mertzeria Arantxa Mujika Zabalak (Aduna, 1966). Hamazazpi urte daramatza dendan, horietako azken hamarrak bere kabuz.
Nondik dator Garintza izena?
Denda hau ireki zuen emakumearen seme-alaben izenekin osatutakoa da, hau da, Garikoitz eta Arantza. Nik izen berarekin jarraitu zenuen. Denda zabaldu zela 40 urte bete dira ekainean, eta azken hamazazpi urteetan nik eraman dut.
Nolatan hartu zenuen dendaren ardura?
Kuriosoa da. Orain 40 urte ni oso gaztea nintzen, baina dagoeneko josten ibiltzen nintzen. Nik berez Administraritza ikasi nuen, baina alde batera utzi nuen. Beti josteko mundua gustatu izan zait. Nire eskolaz kanpoko ekintzak herriko jostunaren ondoan izan ziren, eta hortik jarraitu nuen. Ikasketak egin nituen, baina josten jarraitzen nuen. Josten ari nintzela, kale honetan bazegoen beste mertzeria handi bat, eta horra joaten nintzen, behar genituen gauzak lortzera. Ni gogoratzen naiz orduan hasi nintzela egun nire senarra denarekin, eta esaten nion Villabonan behar zela mertzeria indartsu bat, eta nik irekiko nuela. 18 urte nitueneko ametsa zen hori. Gerora, denda hau ireki zen, eta bestea hortik gutxira itxi zen. Orduan, hasi nintzen hona etortzen erostera; astero etortzen nintzen, eta horrela ibili nintzen 28 urte arte edo. Villabonan josten nuen, eta herriko jostunarekin aritzen nintzen. Berak akademia bat muntatu zuen eta josten ere aritzen ginen bertan.
Eta gero denda honetan hasi zinen?
Ez, lehenago Azpeitian izan nintzen. Nire ahizpak denda bat du han, eta esaten zidan hara joateko eta joateko. Animatu egin nintzen eta hara joan nintzen. Han ere josten aritzen nintzen, eta denetatik josi nuen. Han segitzen nuen josten, eta gero haurdun geratu nintzen. Nik proposatu nuen denbora gutxiago egiteko bertan josten, baina akordiorik ez zen egon, eta etxean geratu nintzen nire umeekin. Nire umeak hazten joan ziren, eta nik nabaritzen nuen lanean aritzeko beharra. Hona, Garintzara, etortzen jarraitzen nuen, etxean josten jarraitzen nuelako, nire umeentzako gauzak-eta. Konfiantza nuen beraiekin, eta behin komentatu nion egun batean norbait behar bazuen edo denda uzteko ideia bazuen, kasu egiteko, horrelako zerbait behar nuelako. Eta horrelaxe izan zen. Kasu egin zidan, esanez bera erretiratu egiten zela, eta denda beste batek hartzen zuela, baina gustatuko litzaiekeela ni langile bezala hemen jartzea. Nik ez nuen pentsatu ere egin, baiezkoa segituan eman nion, eta horrela hasi nintzen. Nire nagusia zenak Donostian zeukan bere kontu guztia, eta iritsi zen momentu bat esan zidana ezin zidala ordaindu, baina nik jarraitu nahi banuen nire kontura, aukera ematen zidala. Akordio batera iritsi ginen, eta ni hasi nintzen denda eramaten. Geratu nintzen pentsatuz ea bestela ni nora joango ote nintzen; nik hau dominatzen nuen, gustatzen zitzaidan, eta hemen soldata bat ateratzeko aukera banuen. Hemen geratu nintzen, eta gaur arte. Eta ez bada bitartean ezer gertatzen, hemen bukatu beharko dugu.
Langile bezala egon zinenean, josten ere aritzen zinen?
Ez, orduan bakarrik dendaz arduratzen nintzen. Nire kontura jarri nintzenean hasi nintzen josten. Konponketak egiten ditut. Pertsona bat etortzen bazait soineko bat egiteko eskatuz, hori ez dut egiten. Konponketa txikiak egiten ditut, eta asko gustatzen zait baserritarren jantziak egitea, neskenak bereziki, eta horiek tarteka egiten ditut. Oraintxe bat bukatu dut, eta ziurrenik Gabonetako gehiago izango ditut. Azkenean, dendak uzten didanean aritzen naiz josten. Ez denean inor dendara sartzen, tarte horiek aprobetxatzen ditut.
Mertzeria batean zer saltzen da?
Jostearekin zerikusia duen dena: hariak, botoiak, orratzak, jostorratzak, guraizeak, zintak, sokak, gomak... Baina denborak aldatuz doaz, eta lehen mertzeria gehiago bazen; orain zerbait gehiago eskaini behar da. Lehen, mundu guztiak josten zuen; eta orain, ia ez da josten, eta josten dena oso gauza txikiak dira. Nik hemen baditut orain dela 30 urteko botoiak, baina gehien saltzen dena gomak eta kremailerak izango dira. Horrekin bakarrik ezin da Villabonan bizi. Beraz, barruko arropa saltzen dut, adin guztientzako, bai emakumezkoena zein gizonezkoena. Horrez gain, pijamak, batak...
Nolako etorkizuna dute mertzeriek?
Gaur egun oso boladan jartzen ari dira joskintza ikastaroak, norberak bere arropa egitearena... Baina, noski, joskintza oso lotua da, ordu pila bat behar dituzu eta ondo egiteko jakin behar duzu. Eta hortaz aparte, pila bat gustatu behar zaizu. Joskintzatik ezin da bizi; edo bestela izan behar duzu diseinatzaile oso on bat bat, ospetsua, eta bezeroak izan, non esaten duten nahiago dutela soineko bat izan eta ez hamalau. Baina horretara iristeko asko falta da. Egin ditzakezu galtza batzuk edo soineko bat udarako. Tela erosi behar duzu, eta behar dituzun gauzak hori egiteko. Ordu pila bat behar dituzu hori egiteko, eta kapritxo handia behar duzu arropa hori egiteko, ikusten delako oso merke dagoela arropa gaur egun. Eta ohituta gaude, arropa erabiltzera eta botatzera, agian urte bakarraren ondoren botatzera. Boladan dago jostearena, baina gauza txikiak egiten dira: poltsak, motxilak, diru-zorroak, txalekoren bat, blusaren bat... baina elaboratua izan gabe. Elaboratua denean denbora asko eskatzen du, eta pazientzia handia. Hortaz aparte, asko jakin behar da: patroi on bat egitea ez da batere erraza.
«Ohituta gaude arropa erabiltzera eta botatzera, agian urte bakarraren ondoren botatzera»
Zein da ohiko bezeroa?
Gehiengoa emakumea da, eta 55 urtetik gorakoa. Jende gazteagoa ere izaten da, 45 urtetik gorakoak, baina gutxiago dira. 35 urtetik beherakoak larrialdietarako etortzen dira. Eta dendara sartzen direnean, poza ematen du.
Zer esan nahi duzu larrialdietarako sartzen direnean?
Adibidez, larunbat goiza da eta zerbait dute astebururako; eguraldi txarra sartu da, eta umeari leotardoak falta zaizkio. Internetetik eskatuta ez zaio iritsiko bi ordura, eta beste herri batera bila joateko ez du denborarik.
Badituzu astero etortzen diren bezeroak?
Bai, horrelakoak ere badaude. Gertatzen da horrelako egun batean leotardo zehatz bat eskatzen badidate, nik ziurrenik ez dudala izango. Baina zazpi eskatzen badizkidate, ekarriko ditut. Ezin dut 40 leotardo mota eta taila ezberdinetakoak izan. Bezeroak eskatzen duenaren arabera mugitzen gara, eta ni neroni joaten naiz erostera biltegietara, eta bezeroak zerbait eskatzen didanean eta ez badut, esaten diot ekarriko diodala. Saiatzen naiz ahal den gehiena izaten, baina askotan saldu gabe geratzeko arriskua ere hor dago.
Komertzio txikiek zer etorkizun dute?
Kale hau ikusi besterik ez duzu. Ni ia bakarrik geratzen ari naiz kale honetan. Denda pila bat itxi dira. Aurten, adibidez, bost denda itxiko dira Villabonan, Gabonak bitarte. Erretiroa dela, beste zerbaitengatik dela, baina bost itxiko dira, eta horrek sekulako egurra ematen dizu, pentsatzen jartzen zarelako agian hurrengoa zu izango zarela. Etorkizuna oso zaila ikusten dut; kontzientziak asko aldatu behar du. Bezeroa sartzen bada, ahal dugun guztia egiten dugu berarengatik, baina ez bada sartzen... Eskaerarik ez badago, ezin duzu ekarri ere, bestela hemen geratzen da dena.
Oria Merkatari Elkarteak zer suposatzen du dendarientzako?
Niretzako beharrezkoa da, ez bakarrik Instagramen azaltzen zarelako, edo gero Facebooken, edo web orrian. Teknikari baten bidez zuk beti dakizu gauza nola dagoen, edo hemengo laguntzen berri ematen dizu, edo beste hango kontu bat, edo beste herri honetan egin duten zerbait eta hemen ere egin dezakeguna. Ez da, beraz, sare sozialetan publizitatea egitea bakarrik, hori bigarren plano batean utziko nuke; beste gauza bat da. Ni oraintxe atera naiz zuzendaritzatik, urte asko pasa ditut bertan, eta uste dut dendari guztiek pasa behar dutela zuzendaritza batzordetik, jakiteko zer egiten den, baloratzeko egiten dena...
Zer erakartzen zaitu joskintzatik?
Niri beti gustatu izan zait. Niri erakutsi zidan jostunarekin 11 urterekin hasiko nintzen. Gaur egun hori pentsaezina da. Baina ni Adunakoa naiz, herri txiki batekoa, eta orduan han ez zegoen ezer. Gaur denetarik dago. Orduan kanpora atera behar zenuen. Nire amak ez zuen josteko aukerarik izan, fabrika batera joan zen lanera, eta berak izan zuen beti inbidia hori bere lagunak josten bazekitelako, eta bere arropak egiten zituztelako. Orduan, ni eta nire ahizpa beti bultzatu izan gaitu, eta biok horretan bukatu dugu. Josten ikasten hasi aurretik ere, gogoan dut baserrian gure izeba josten aritzen zela, eta bera ez zegoenean hartzen genion josteko makina, eta jostorratza puskatu eta sekulako triskantza egiten genuen. Baina han ibili behar genuen, bai nik eta baita nire lehengusuak ere. Ni bueltan-bueltan, honetara itzuli naiz, beti gustatu izan zait. Josten dudanean gustatzen zait ahal den ondoen egitea. Etiketa modu batera jarrita badago, nik modu berean jartzen dut, ez dadila ia nabaritu konponketa bat izan dela.
«Niri erakutsi zidan jostunarekin 11 urterekin hasiko nintzen; gaur egun hori pentsaezina da»
Anekdotak ere izango dituzu...
Kontu bat beti dut gogoan. Emakume bat etorri zitzaidan esanez barruko arropa oso txarra atera zitzaiola, eta berri batzuk eman beharko nizkiola. Nik ikusi nuen eta dena puska-puska eginda zegoen. Baina konturatu nintzen nik hori ez niola saldu, eta hori esan nion, eta berak dendan erosi zuela esaten zidan behin eta berriro. Nik orduan esan nion dendan erosiko zuela, baina nik sei urte neramatzala dendan eta ez nuela marka horretako barruko arroparik saldu. Aurreko dendariari erosiko ziola bota zidan, eta nik orduan erantzun nion berarekin konpondu beharko zela. Azkenean, erosi eta sei urtera puskatuta zegoen zerbaitengatik berri batzuk ematea nahi zuen...
Beste bat ere gogoan dut. Gizonezko bezero bat etorri zen, Urtezahar egunean, azkeneko orduan. Inor ez zegoen dendan, eta barruko arropa erosi nahi zuen bere emaztearentzako, baina lotsatuta zegoen. Bularretako bat eta kulero bat erosi nahi zituen, eta galdetu nion zein zen neurria. Ni hasiberria nintzen dendan, biok bakarrik geunden, eta bera niri begira, eta hasi zitzaidan esanez «zure antzera, goitik zu bezala edo, behetik gehiago...». Azkenean eman nion zerbait, eta gero hori aldatzeko aukera izango zuela emazteak, ez bazuen asmatzen. Handik egun batzuetara azaldu zen bere emaztea, betidanik ezagutzen nuen, eta azkenean erabat aldatu genuen dena. Geroztik, gizon hori urtero-urtero etortzen da erostera, eta bezero finko bihurtu da.
«Beti pentsatzen dut gaur egungo egoerak buelta eman behar duela, hau ez delako jasangarria»
Etorkizuna nola aurreikusten duzu?
Niri gustatuko litzaidake hemen erretiroa hartzea. Eta gustatuko litzaidake kale honetako denda guztiak irekitzea. Nik beti pentsatzen dut gaur egungo egoerak buelta eman behar duela, hau ez delako jasangarria. Ezin da mundua antolatu zuri pakete bat iristeko. Internet sekulako mina egiten ari da. Nik seme-alabei esaten diet lehenengo Villabonako dendetan begiratzeko, eta ez badute topatzen, inguruko herrietan begiratzeko. Saiatzen dira denda txikietan begiratzen. Ni, behintzat, dendari eusten saiatuko naiz.