Abuztuko jaien maratoiari ekiteko prest!

Endika Apalategi Labayen 2024ko uzt. 26a, 07:57

Parisko Olinpiar Jokoak hastearekin batera, abuztuko jaien maratoiari ere hasiera emango diegu eskualdean. Maratoiak proba gogorrak eta luzeak dira, esfortzu eta sufrimendu handikoak. Horregatik da maratoia Olinpiar Jokoetako plater izarretako bat.

Gure eskualdeko jaien maratoia, olinpiadetan jokatzen den probarekin alderatuz gero, maratoi batek dituen ezaugarrien aurkakoa dela baieztatu dezaket; izan ere, pasa den urtean maratoian parte hartzeko zortea eta ohorea izan nuen estreinakoz. Iazko ibilbidea zoragarria izan zen! Ez nuen berehala usteko hasiera batean hilabete luzeko ibilbidea zirudiena, ohartzerako pasako zitzaidanik. Korrikalariek 42 kilometroko ibilbidean asko sufritzen badute ere, nik berriz, asko gozatu eta ikasi nuen, eta aurten ere sentsazio berdinak errepikatzeko asmotan abiatuko naiz irteera marratik. 

Aurtengoan, maratoia ondo prestatzeko helburuarekin, Villabonako Santio jaietan denboraldiaurre txiki bat egingo dugu, iragan asteazkenean bertan hasi eta abuztuaren 31 bitarte luzatuko dena. Denboraldiaurrea amaitu bezperatan hasiko da abuztuko jaien maratoia, Altzon, abuztuaren 29an San Inazio jaietan, eta helmugara irailaren 1ean iritsiko gara Berrobiko San Agustin jaiak amaitzearekin batera. Tolosaldeko hamazazpi herri arduratuko dira abuztuko maratoia koloreztatzeaz, eta hau dena ez litzateke posible izango herri bakoitzeko festa batzordeko kideengatik ez balitz. Aurtengo jaietan, egitarauetan ohikoak diren eta pasa den urtean berrikuntza izan ziren hitzorduak mantentzearen aldeko apustua egin da orokorrean, nahiz eta berrikuntzaren bat edo beste ikusteko aukera ere izango dugun abuztuan zehar.

 

«Gogoa eta ilusioa soberan badaukazu, zaude ziur irteera marratik helmugarako bidean asko gozatuko duzula»

 

Erromeri taldeak eta trikitilariak, kuadrillen arteko bazkari eta afariak, zahagiardoak eta sagardo dastaketak, haurrei begirako ekitaldiak, parrandak, parranda osteko ajeak eta are gehiagoz gozatzeko aukera izango da Tolosaldeko abuztuko jaien maratoi honetan. Lasterketaren parte izatea nahi ez ditugunak ordea erasotzaileak dira. Erasorik gabeko festak ospatzeko, ezinbestekoa izango da herritar orok festak jarrera egokian igarotzea, eta norberak bere buruarengan gogoeta sakon bat egitea. Honenbestez, udako festen maratoiari ekiteko gogoa eta ilusioa soberan badaukazu, zaude ziur irteera marratik helmugarako bidean asko gozatuko duzula.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!