Urko Arizeta hirugarren izan da Goierriko 2 Handiak proban

Ataria 2024ko uztailaren 15a

Mendi korrikalari asteasuarrak 10.19.39ko denbora egin zuen 88 kilometroko ibilbidea bukatzeko.

Ehunmilak, Goierriko 2 Handiak eta Mari Murumendi Maratoia proban egin dira asteburuan, Beasainen hasi eta buka. Lehen bi probetan korrikalariak eskualdetik igaro dira. Hiru lasterketetan podiumera igo den eskualdeko mendi korrikalaria Urko Arizeta asteasuarra izan da, Goierriko 2 Handiak proban hirugarren amaituz. 88 kilometroko ibilbidea egiteko, 10.19.39ko denbora egin du, irabazlearengandik 18.06ra bukatuz.

Eskualdeko taldeetako ordezkariak igo dira podiumera. Horrela, Tolosako Alpino Uzturre taldeko Ainhoa Intxausti segurarrak Mari Murumendi Maratoia irabazi du, 4.18.28ko denborarekin marka berria eginez. Proba berean, talde bereko Endika De las Heras beasaindarra hirugarren izan da gizonezkoetan, 3.40.48ko denbora eginez. Bestalde, Tolosako Soronea Ammma taldeko Mayi Mujika elgoibartarrak irabazi du Goierriko 2 Handiak proba, 12.00.40 eginez.

Argazkiak: Goierriko Hitza

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!