Berriro ere txapela Amezketara

Ataria 2024ko uzt. 15a, 11:58

Sari banaketaren unea. ASPE PELOTA

San Fermin Txapelketaren binakako txapela Altuna III.ak eta Martijak irabazi dute, Peña II.ari eta Mariezkurrena II.ari 22-19 irabazita.

San Fermin Txapelketako lau eta erdikoan gertatu bezala, Jokin Altunak jantzi du binakako txapela. Jon Ander Peña izan zuen aurkari oraingoan ere, eta tolosarrak ezin izan du, gertu izan arren, sari nagusirik eraman Iruñetik. Polemikarekin bukatu zen binakako finala, Altuna III.a eta Martija 21-19 irabazten ari zirela, aurreko epaileak Mariezkurrrena II.ari bolea batean atxiki egin zuela esanez, eta aurkariei 22. tantoa emanez.

Finala bukatu ostean, Altuna III.ak EITBko mikrofonoetan, partidak ez zuela merezi horrela bukatzea esan zuen. Martijak eta berak «sekulako partida» egin zutela azaldu zuen: «Ikaragarri bultzatzen duen bikote baten aurka izan da; normalean agindu egiten dute, eta horretaz gain opari gutxi egiten dituzte. Lan handia egin behar izan dugu, eta Juleni [Martija] meritu handia eman, partidan izugarrizko kolpea hartu du eta sekulako koskorra atera zaio besoan. Sekulako bikotea egin dugu eta etxera gustura goaz irabazita».

Amezketarrarentzat txapelketako egunak ez dira «batere errazak» izan: «Pena handia izan dut. Hemen beroaldi batean esan nuen gauza batengatik..., momentuan horrela pentsatzen nuen, eta jarri zen bezala jarri ondoren, publikoa gainera etorri zait. Nik gaur beste giro bat nabaritu dut frontoian, jende asko aldeko, lehengoan ere bai. Ez dira egun errazak izan, pena handia hartu dut, baina jakin dezatela nafarrek ni oso maitatua sentitu naizela nafarrengandik oso gaztetatik eta beti etortzen naizela hona gustura jokatzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!