Alurr Dantza Taldeak lan berria aurkeztuko du ostiralean, Bidanian

Ataria 2024ko uzt. 10a, 11:57

Alurr Dantza Taldeak aurten antolatu duen Dantzari Txiki Egunaren artxiboko irudia.

‘Zamaltzain’ izeneko emanaldia estreinatuko du Ibarrako dantza taldeak Bidanian, 19:30etik aurrera; taldeko 12 dantzarik osatzen dute ikuskizun berria.

Ibarrako Alurr Dantza Taldeak prest du jada, ikuskizun berria. Zamaltzain izena du eta Zuberoako Xuletinoa dantzaren ukituak dituela aurreratu du Aiert Beobide dantza taldeko irakasleak. 

Zamaltzaina Zuberoako Maskaradako pertsonaietako bat dela azaldu du Beobidek, «garrantzitsuena, ikusgarriena eta zailtasun handiena duena». Maskaradaren taldean laugarren lekuan egon ohi da, aurretik Txerreroa, Gathuzaina eta Kantiniersa dituelarik. Zaldi burua dauka lepotik zintzilikatuta eta buztana duen egurrezko egitura ere badu. Xuletinoaren zantzu horiek garatzen dituen emanaldi txiki bat sortu du Alurr Dantza Taldeak, eta, hain justu, ostiralean estreinatuko du, 19:30ean, Bidaniko pilotalekuaren aurrean.

Guztira, Alurr Dantza Taldeko 12 dantzari izango dira ostiralean Bidaniko oholtza gainean. Emanaldi berri honetan Ibarrako dantza taldeko dantzari gazte zein helduek parte hartuko dute, eta «gogotsu» daudela kontatu du irakasleak: «Lehen aldia izanik, gauzak ez daude guztiz itxita   eta oraindik probak egiten gabiltzan arren, ziur gaude dena ondo irtengo dela».

Alurr Dantza Taldeak euskal dantza tradizionaletan oinarritutako koreografia berritzaileak egiten ditu, eta azken honetan ere halaxe egin du. Honela, euskal dantza tradizional, klasiko eta garaikideak elkartu eta alderdi horiek doinu, erritmo eta jantzietara eramango ditu. Hala ere, Beobidek aurreratu du dantzariek ez dituztela jantzi tradizionalak eramango, horietan oinarritu diren arren. Zehaztu duena da Zamaltzainak dituen zapiak jantziko dituztela, baita zetazko gona zuri eta gorria daraman egurrezko zaldia ere. Izan ere, dantzaria zaldiaren lepora lotzen da eta euskarri honetaz baliatzen da musikaren erritmora gora eta behera mugitzeko.

Ostiralean Bidanira gerturatu ezin dutenek izango dute emanaldi berria aurrerago ikusteko aukera, larunbatean Lekeition eskainiko baitute. Bi herriak Alurr Dantza Taldearen «herri senideak» direla aipatu du irakasleak, «ia urtero bertan gure lanak eskaintzeko aukera ematen baitigute». Ondoren etorriko dira eskualdeko beste zenbait herri, tartean Tolosa eta Irura; Tolosan irailaren 28an aurkeztuko dute emanaldi berria eta Iruran irailaren 29an.
Bestalde, datorren ikasturtea prestatzen hasi da Alurr, eta dagoeneko zabaldu du matrikulazio epea. Izena irailaren 30a arte eman ahal da Alurr.eus helbidean. Webgunean daude zehaztuta, ordutegiak, taldeak eta kuotak. Informazio gehiagorako alurr@alurr.eus edo alurrkomu@gmail.com helbideetara edo @alurrdantza Instagram kontura idatzi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!