Hirugarren Errockmeria egingo dute Zelatunen

Jon Miranda Labaien 2024ko uzt. 10a, 19:59

Beertoki elkarteko kideek lau musika talderen kontzertuak antolatu ditu igandean, 12:00etatik aurrera, Zelatunen.

Aurreko bi edizioetako arrakasta ikusita finkatzeko bidean dagoen hitzordua dela uste du Aitor Otegi Beertokiko kideak. «Aurten jendeak aurreko urteetan bezala erantzuten badu jaialdia kontsolidatuta geratuko dela uste dugu». 2022an antolatu zuten lehen aldiz Errockmeria. «Sofa taldeko kideak lagunak ditugu eta haiek Krispetak izeneko diskoan Zelatun izeneko kantua zuten. Haiekin garagardo batzuk hartzen ari ginela komentatu genuen ederra izango litzatekeela Zelatunen kontzertu bat ematea. Oso maitea dugu Beertokikoek toki hori eta izugarrizko ideia iruditu zitzaigun. Animatu eta dena antolatzen hasi ginen».

Eguraldia lagun izan zuten lehen edizioan eta jende asko gerturatu zen kontzertuak ikustera. «Publikoan dagoen aniztasuna iruditzen zaigu ederrena. Mendira joan eta jaialdiak sorpresaz hartzen ditu asko. Beste asko, propio joaten dira emanaldiak ikustera. Adin eta eskualde ezberdinetako jendea biltzen da Zelatunen eta hori guretzako oso polita da». Uztaileko bigarren igandea aukeratzen dute beti Errockmeria egiteko: «Iraileko igandeetan bertan egiten diren erromeria famatu horiei jarraituz, iruditzen zitzaigun tradiziora jende berria erakartzeko modua izan zitekeela. Gu rock zaleak gara eta trikiti doinuak entzuten diren tokira bestelako doinuak eramatea oso nahasketa ederra iruditzen zaigu», esan du Otegik.

Beertokin ibiltzen diren lau lagunak arduratzen dira agertokia muntatzeaz. Igandean goizean goiz abiatu eta Zelatunen soinu ekipoa jartzen dute. «Iaz traktore bat erabili genuen ekipoa antolatzeko eta taldeak belazean aritu ziren. Aurten eredu berdina jarraituko dugu». Antolatzaileak kontentu daude lortzen dute soinuarekin eta musika taldeen aldetik ere ez dute kexarik izan, orain arte.

ROCK DOINUAK MENDIAN

Beertokiko kideak saiatzen dira estilo ezberdinetako taldeak gonbidatzen jaialdira. «Rock mundua oso zabala da eta talde ezberdinak ekartzen ahalegintzen gara, jendearen gustuak asetze aldera». Urtean zehar Villabonako Sahrijai elkartean aritzen dira Beertokiko kideak eta hainbat musika talderekin harremana egitea ahalbidetzen die horrek. «Normalean ezagunak ditugun taldeak gonbidatzen ditugu Errockmeriara». Otegik dio, parte hartzen duten taldeek ilusio handia erakusten dutela Zelatunen jotzeko: «Antolatzeko modua ere berezia da. Errezilgo plazan geratzen gara elkarrekin Zelatunera igotzeko, gero bidea itxi egiten delako. Taldekideek esaten digute haientzat esperientzia berezia dela Errockmerian parte hartzea».

Errezilgo Domusa enpresaren laguntza izaten dute jaialdiak eragindako gastuak estali ahal izateko. Otegiren hitzetan ez da erraza era honetako ekimenetarako finantziazioa eskuratzea. «Ate asko jo behar izaten dira eta zaila da jendeak modu honetako proiektu batean sinestea».

Igandean 12:00etan hasiko dira kontzertuak. Taldeetako bakoitzak ordubeteko saioa eskainiko du eta tartean ordu erdiko etena egingo dute prestaketetarako. Jaialdia 18:00etarako amaituta egotea aurreikusten dute. «Ideia egun pasa moduko bat egitea da. Zelatunera igo, han bazkaldu, bertako bi bordetan zerbait hartu eta lagunartean musikaz gozatzea da gure proposamena», esan du Beertokiko kideak. Zelatungo hitzorduak taldekideei «motibazio handia» eragiten die eta igandean gogor egingo dute lan guztia ongi atera dadin.

ITHAKA

Orio - Zarautz. 2020an Orioko eta Zarauzko lau gaztek osatu zuten taldea da. Josune Freire, Eneko Eizagirre, Arantza Igartua eta Leire Olariaga dira proiektu honi bizitza ematen dioten kideak. 2023ko azaroan plazaratu zuten beraien lehen lan luzea, Biluzten izenekoa. Soinu ilun eta malenkoniatsuetan murgildu dira diskoan.

ETXEKALTE

Bermeo. Bizkaiko taldea ezaguna da Tolosaldean Habi taldearekin Arimak Denboran disko laburra kaleratu zuelako 2021ean. Nor da norbera? lan luzea argitaratu ondoren, 2024an bi single plazaratu dituzte: Estali Nituen eta Inertziak. Unai Irisarri, Jonan Juarez, Iker Etxebarria eta Iñaki Olondok osatzen dute taldea.

MUZAK

Elgoibar - Soraluze - Mutriku. 2020an sortu zuten Ruben Irigoyen (Elgoibar), Joanes Iñurrieta (Soraluze) eta Aitor Sagarmendik (Mutriku). 2023an kaleratu zituzten beraien azken lanak, Gezur mila singlea eta Irabaziak eta galerak EPa. Rock progresiboaren bidetik jarraitu du hirukoteak, baina orain metal eta pop ukituekin.

KATTALIN ETA NENUFARRAK

Goierri. Jon Sagarna, Iñaki Rezusta eta Sara Iriarte billabonatarrak osatzen dute. Inguruan ohikoa ez den soul estiloko musika jorratzen du hirukoteak. 2023an kaleratu zuten Hubble izeneko disko laburra. Ahots indartsua, letra barnerakoi iradokitzaileak, eta pop-rockaren aldaera lantzen ditu taldeak, gitarra eta teklatuetan oinarrituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!