Tolosaldeak oso gertu izan du Euskotren Ligako lehen bandera. Hirugarren jardunaldiko estropada jokatu dute, gaur, Donostian: VIII. Fabrika Bandera. Etengabeko mugimendua izan da itsasoan. Haize handia zebilen eta metro eta erdi eta bi metro arteko olatuei aurre egin behar izan die arraunlariek.
Kaleen zozketak ere zeresana eman du. Inork ez zuen lehen kaletik arraun egin nahi, eta hain justu, bigarren txandan, gerora garaile izan den ligako liderra aritu da kale horretatik. Bigarren kaletik Donostiarra aritu da, hirugarrenetik Tolosaldea, eta laugarrenetik Orio. Kontuak kontu eta zozketak zozketa, aurretik atera dira kanpoaldeko kaleetatik aritu diren bi ontziak. Irteera bikaina egin dute biek, eta lehen bi minutuetan, alde handia lortu dute; bost segundo Tolosaldeari, eta hamar Donostiarrari. Hala ere, Oriok ezin izan dio etxeko taldearen erritmoari eutsi, eta Tolosaldearen parean jarri da; eskualdeko ontzia, baina, aurretik heldu da estropada erdialdera. Ziabogara alde nabarmenarekin heldu da Arraun Lagunak. 6.59ko denbora egin du, eta 9, 13 eta 25 segundo atera dizkie Tolosaldeari, Oriori eta Donostiarrari, hurrenez hurren.
Baina ziabogatik atera ondoren, aldea nabarmen jan dio Tolosaldeak Arraun Lagunaki; hiru segundora ere gerturatu dira 500 metroren faltan. Hala ere, olatuen dantzan gehiago asmatu du etxeko traineruak. Tolosaldea bultzatzen zuen olatu berak bultzazen zuen gero ontzi donostiarra. Azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan du eskualdeko ontziak. Hiru jardunaldietan, hiru garaipen Arraun Lagunakentzat. Bihar Zierbenan jokatuko dute ligako laugarren jardunaldia.
🎙️Garazi Ormazabal
— Eusko Label Liga / Euskotren Liga (@actraineras) July 6, 2024
🚣 @TAK_arraun #EuskotrenLiga pic.twitter.com/0fEo2EliZm
VIII. Fabrika Bandera:
- Arraun Lagunak: 12.53,38
- Tolosaldea: 13.00,96
- Orio: 13.04,22
- Donostiarra: 13.23,74
- Cabo: 13.35,06
- Hondarribia: 13.43,90
- Tiran: 14.23.82
- Hibaika: 14.55,54
Euskotren Liga:
- Arraun Lagunak: 24 puntu.
- Tolosaldea: 20 puntu.
- Orio: 19 puntu.
- Donostiarra: 15 puntu.
- Hondarribia: 10 puntu.
- Cabo: 9 puntu.
- Hibaika: 7 puntu.
- Tiran: 4 puntu.