Gipuzkoako Foru Aldundiak 15.000 izokin askatu ditu Urumea eta Oria ibaietan

Ataria 2024ko uzt. 4a, 14:28

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak 15.000 izokin arrainkumeren askatzean parte hartu du gaur. Iturria: Irekia

Espezie hori birpopulatzeko proiektuari esker, 
urtero 100 izokin inguru sartzen dira bi ibaietara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako haztegian jaio dira izokin horiek. Askatzea Foru Erakundeak Natura 2000 Sarearen barruan abian duen proiektuaren barruan dago, lurraldeko biodibertsitatea babestea helburu duena.

Izokin arruntaren (Salmo salar) berreskuratzea 1990eko hamarkadan hasi zen, Gipuzkoako ibaietatik erabat desagertu baitzen, aurreko hamarkadetan bizitako industrializazioak eragindako ur-kutsaduraren ondorioz. Azken hogeita hamar urteotan egindako lanaren ondorioz, gaur egun, Gipuzkoako ibaiek espezie horretako aleak dituzte, eta urtero itsasoaren 100 ale inguru sartzen dira gure ibaietara ugaltzeko. Ekainean eta uztailean izokin handiak sartzen dira, aurten 27 izokin sartu dituzte Urumean eta 20 Orian bi hilabete horietan. Kopuru horri ibaietan azarotik abendura bitartean sartzen diren izokin txikiagoak gehituko zaizkio, hilabete horietan ugaltzen baita espeziea.

Aldundiak abian duen egitasmoaren dinamika da izokin basatiak arrantzatzea ibaian, foru erakundeak dituen bi harrapatze guneetan eta, ondoren, ale horiek haztegira eramatea espeziea ugaltzeko. Sei hilabeteko hazte prozesuaren ondoren, markatu egiten dira, ondoren Urumea eta Oria ibaien arroetako erreketan askatzen dira. Izokinak markatuz, itsasora irten ondoren jatorrizko lekura itzultzen diren espezie aleen kopurua kontrolatzen da. Ildo horretan, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi duenez, «arrain haztegian hazitako aleen % 30 gure ibaietara itzultzen da»; zifra hori arrakastatsutzat jo daiteke, gaineratu duenez, «kontuan hartzen bada gainerako %70 jatorri basatikoa dela». «Horrek esan nahi du gure ibaietan espeziearen birpopulatze naturala egitate bat dela», gehitu du. Gaur egun, izokina hiru arro hidrografikotan dago  gure lurraldean: Oiartzun, Urumea eta Oria. Arrutik gaineratu du «ibaiak eta haien arroak garbitzeko eta hobetzeko azken urteetan egindako lanari esker habitat horretan espeziea gara daitekeela».


Zifra horien ifrentzua, bestalde, honako hau litzateke: erregistratutako sarrerek 2014 eta 2015 artean gaina jo ondoren, (Urumean eta Orian, batez beste, 299 eta 112 izokin detektatu ziren urte horietan), azken urteetan sartutako kopuruak behera egin du, itsasoko uren eta Kantauri isurialdeko ibaien tenperatura igoeraren ondorioz. Hala, Arrutik zehaztu duenez, ibai hauetan sartzen diren aleen kopurua azken bederatzi urteetan dezente murriztu da. Kezka sortzen duen gaia da, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez. «Lurraren berotzea geldiarazteko eta gure espezien babesa bermatzeko, oreka berderen alde, ahalik eta eremu gehienetatik lan egiten jarraitu behar da», azpimarratu du.

LIFE Kantauribai proiektua
Espeziea birpopulatzeko egiten ari den lanaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundia, lurraldeko biodibertsitatea zaintzeko eta berreskuratzeko apustuan, LIFE Kantauribai proiektuan murgilduta dago 2022tik. Proiektu horren helburua da ibai ekosistemei lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio egoera. Hobekuntza horiek Natura 2000 Sareko 15 gunetan garatzen ari dira, Bizkaiko golkora urak isurtzen dituzten ibai eta ibaiadarretan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitaniak partekatzen dituzten bost ibai-arrotan, alegia. Arro horien artean daude Oria ibaikoak eta Urumeakoak.

Proiektuan 10 milioi euro inbertituko dira guztira, besteak beste, ibai oztopoak kentzeko eta arrainak igarotzeko bestelako oztopoak iragazkor bilakatzeko, izokinaren eta beste arrain espezie batzuen fluxua bermatze aldera ibaien etenak murrizteko, igarotzen diren arrainen kontrola eta jarraipena egiteko sistemak instalatzeko ahalik eta giza esku-hartze txikienarekin, eta zentral hidroelektrikoetako presek arrainen migrazioan duten inpaktua murrizteko, izokin populazioen tamaina % 10 handitzeaz gain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!