San Fermin Torneoan eskualdeko bost pilotari

Ataria 2024ko uztailaren 4a

Ostiral honetan hasi eta uztailaren 14an bukatuko da binakako txapelketa; Zabala, Altuna III.a, Tolosa, Jaka eta Peña II.a bertan ariko dira lehian.

Binakako San Fermin Torneoa inoiz baino luzeagoa izango da, enpresa bakoitzetik zortzi pilotari ariko baitira lehian. Uztailaren 5ean hasiko da, hau da, ostiral honetan. Finala 14an izango da, Iruñeko Labriten, txapelketako partida guztiak jokatuko diren pilotalekuan.

Baikoko pilotarien arteko lehiarekin hasiko da txapelketa. 20:15ean, ostiralean, Urrutikoetxea-Arangurenek Laso-Imazen aurka jokatuko dute. Hurrengo egunean Aspekoen txanda izango da. Larunbatean, 15:15etik aurrera, Ezkurdia-Tolosak eta Elordi-Rezustak jokatuko dute. Bi egun horietako bikote irabazleak B multzoan sartuko dira, Peña II-Mariezkurrena II.arekin batera.

A multzoko hiru bikoteak ondorengoak dira: Altuna III-Martija; Peio Etxeberria-Zabaleta eta Jaka-Albisu.

Ondorioz, gizonezkoetan, binakako San Fermin Torneoan eskualdeko lau pilotarik hartuko dute parte. Kontuan hartu behar da Iñaki Artola lesionaturik dagoela.

ADOS PILOTA ELKARTEA

San Ferminetan Ados Pilota Elkarteak ere txapelketa antolatu du. Ekainaren 22an hasi ziren jokatzen eta finala jadanik erabakita dago. Uztailaren 12an jokatuko da Labrit pilotalekuan. Txapelketan Irati Zabala lizartzarrak parte hartu du, eta atzelaria finalean egongo da Iturriagarekin bikotea osatuz. Euren aurkariak Oskoz eta Galeano izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!