Euskarabenturan sartu dira Euskal Herri osoko 127 gazte

Ataria 2024ko uzt. 4a, 11:58

Aurtengo Euskarabentura Zuberoan abiatu da. Argazkia: Euskarabentura

Uztailaren 1ean Atharratzen abiatu zen oinezko espedizioa; parte hartzen ari diren eskualdeko lau gaztek lehen egunetako esperientziaren berri eman dute

Joan den astelehenean abiatu zen 2024ko Euskarabentura Atharratzen (Zuberoa). Maite Pitrau auzapezak egin zien harrera parte hartzaileei. Orotara 127 gazte eta 30 kidez osatutako lantaldeak abiatu du hilabete osoa iraungo duen espedizioa. Tolosara uztailaren 16an iritsiko dira gazteak, biharamuna eskualdean pasako dute, eta Oiartzun alderako bidea hartuko dute uztailaren 18an.

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira gazte parte hartzaileak. Gipuzkoatik 28 gaztek eman dute izena aurtengo Euskarabenturan eta tartean dira Oihan Aranzabal eta Jon Urkizar tolosarrak eta Eneko Zubia eta Eneko Gonzalez ibartarrak. Gogoz ekin diote abenturari, eskualdeko gazteek aipatu dutenez, aurreko parte hartzaileek esanda izan dute ekimenaren berri. Zubiak esan du bere anaiak parte hartu zuela duela bi urte eta hark esperientzia polita zela esanda erabaki zuela parte hartzea. «Hitzaldi baten bitartez jakin nuen ekimenaren berri eta gustatu zitzaidanez animatu egin nintzen», esan du Gonzalezek.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15 eta 17 urte bitarteko neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da Euskarabentura. Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, gazte euskaldunen sare berri bat sortzea eta elikatzea eta natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturaren transmisioa bermatzea dira Euskarabenturaren helburua. Ekimenak Unescoren 2024ko babesletza jaso du berriro ere.

Parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, bizi ohitura osasuntsuak eta ingurumenarekiko begirunea bezalako balore eta jarrerak landuko dituzte hilabete osoan zehar. Eskualdeko gazteek ere nabarmendu dute lagunak egiten hasiak direla aurtengo espedizioa hasi berritan. «Lehenengo astea lagunak egiteko zaila izango zela esan ziguten, baina niri erraza suertatu zait, oso gustura nabil», esan du Urkizarrek. Oso sentsazio onak izan dituztela nabarmendu dute Aranzabalek, Gonzalezek eta Zubiak eta jende «oso jatorra» topatu duela bidean.  

Mauletik Getxora

Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Euskal Herria zeharkatuko dute aurten ere gazteek, Maulen hasi eta Getxo helmuga hartuta. Asteartean egin zuten lehenengo etapa Atharratzetik Maulera, 13 kilometro pasatxo. «Oraingoz, nahikoa ondo eramaten ditugu etapak, ez zaizkigu gogorregiak egin», aipatu du Gonzalezek.

Gazteekin batera 10 xerpek, 4 xerpa laguntzailek, 2 xerpa buruk, 3 medikuk, 2 erizainek, 2 gidarik, 2 argazkilarik, euskara teknikari batek, kameralari batek eta komunikazio arduradun batek osatzen dute espedizioa. Lehenengo egunean xerpen eskutik abenturaren dinamika zein den jakin zuten parte hartzaileek eta behin Maulera iritsita Zuberoa bertako herri kirolak azaltzera gerturatu zitzaizkien bi lagun. Izan ere, askotariko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko baitute hilabeteko abentura. Hainbat esparrutako profesionalak aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzera.

Tolosara uztailaren 16an iritsiko dira gazteak, eta lehen harrera ofiziala jaso ondoren, hurrengo eguna bertan pasako dute. Biharamunean abiatuko dira Oiartzunera. Espedizioa abiatu baino ez dute egin eta Aranzabalek esperientzia «zoragarria» izaten ari dela nabarmendu du. Parte hartzaileen artean dagoen elkartasunean egin du azpimarra Urkizarrek eta Gonzalezek dagoeneko egin dituen lagun mordoan jarri du arreta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!