Uztaila eta abuztua opor hilabeteak izan daitezen

Aitor Arroyo Askarai 2024ko uzt. 4a, 07:59

Joan den urteko udan, saharar haurrei agur esateko antolatu zuten ospakizuneko une bat. ENDIKA APALATEGI

Oporrak Bakean programaren barruan, bederatzi haur sahararrek eskualdean igaroko dituzte udako hilabeteak; iaz, zortzi izan ziren.

Udako hilabeteetan 60 graduko tenperaturak izatera iristen dira saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Sargori horretatik ihesi, hango haurrek udako hilabete gogorrenak Euskal Herrian pasatzea du helburu Oporrak Bakean programak. Aurten 179 haur etorri dira Euskal Herrira eta, horietatik, bederatzi egongo dira eskualdean.

Joan den igandean, ekainaren 30ean, iritsi ziren haurrak Euskal Herrira eta bi hilabeteren ondoren, abuztuaren 28an eta 29an igoko dira, bueltan, hegazkinetara. Uztailean zein abuztuan denetariko jarduerak egingo dituzte haurrek, eta ez aisialdian soilik, mediku azterketak pasako dituzte euren osasun egoera aztertzeko, eta zainketa zehatzagorik behar duten ala ez jakiteko.

«Denbora gutxian», erdira
«Aurten 300 haur ekartzeko helburua genuen, baina ez da posible izan», horrela hitz egin du Eli Eizagirrek, Oporrak Bakean egitasmoko Gipuzkoako eta eskualdeko koordinatzaileak aurtengo helburuen inguruan. 179 haur etorri dira, horietatik 73 Gipuzkoara eta, zehazki, bederatzi, eskualdera. Koordinatzaileak azaldu duenez, aurten hiru harrera familia berrik hartuko dute parte Tolosaldean, eta Gipuzkoan, denera, 30 harrera familiak eman dute izena lehenengoz.

Dena dela, parte hartzea «oso epe motzean» erdira jaitsi dela nabarmendu du Eizagirrek. Eskualdean hamabost bat familia «nahiko erraz» lortzen omen zituzten lehen, eta Gipuzkoan 120 haur hartzera ere iritsi omen dira. «Lehen hiru hegazkin betetzea lortzen genuen. Aurten bat eta erdi bete dugu. Askoz jende gutxiagok ematen du izena orain».

«Aitzakia pandemia da; Covid-19aren ondoren gure egunerokotasuna aldatu dela. Niri iruditzen zaidana da gizartea indibidualistagoa dela gaur egun», Eizagirreren ustez gizarteak, gaur egun, «gehiago begiratzen dio bere zilborrari».

Haren esanetan jendeak ez du gogorik «aparteko ahaleginik» egiteko eta ondorioak ditu horrek: «Horrek eragiten du haur asko han geratzea, medikuarenetik ez pasatzea... Eta hemengo esperientzia, orokorrean, ezin bizi izatea. Horrek, aldi berean, saharar komunitatea ahultzea dakar, hona etortzeak haientzat osasuna zentzu askotan hobetzea esan nahi duelako». Dena dela, azaldu du familia bakoitzaren egoera «ezberdina» izaten dela, eta jabetzen dela batzuek ezin izaten dutela hori egin «lan eta ekonomia baldintzengatik».

Soka luzeko gatazka
«Basamortuaren erdian daude, eta ia 50 urte daramatzate egoera horretan», Eizagirrek nabarmendu du gatazka «isilarazi eta ezkutatu» egin nahi dutela, eta auzia «larria» dela. «Egoeraren gordintasuna guk etxean dugun haurrak, oharkabean bada ere, islatzen du. Ura edan nahi duen bakoitzean zera galdetzen du: Ba al dago urik? Oso esanguratsua da. Aurreko batean Tolosako igerilekura joan ginen eta hura ikustean begiak zabal-zabal geratu zen».

Hari berari tiraka, oporren aukera saharar haur guztiek izan beharko luketen eskubidea dela nabarmendu du, eta gaineratu programa haientzat ez dela «aukerazko zerbait, beharrezkoa baizik». Zentzu horretan, Oporrak Bakean ez dela udako hilabeteetara mugatzen ere azaldu du.

Eizagirreren hitzetan, urte guztian mantentzen den harremana eta lanketa da: «Poza, lasaitasuna eta ilusioa eragiten dizkie jakiteak, hemen, haien ondoan gaudela. Gogoan ditugula jakiteak sekulako garrantzia du saharar guztientzat , eta hori ere bada Oporrak Bakean. Bi hilabeteko egitasmoa badirudi ere, urte guztian zehar mantentzen den harremana da eta, zentzu berean, sahararrak presente izatea».

Azkena izan dadin
Datozen urteetan Oporrak Bakean programa antolatzeko beharrik ez izatea espero du Eizagirrek: «Urtero esaten dugu gauza bera, baina ez dugu esperantza galtzen. Haurrak hemen gurekin dauden bitartean disfrutatzen lagunduko diegu, baina datorren urtean oporretara Mendebaldeko Saharako hondartzetara joatea izango litzateke ederrena».

Bitartean, datozen hilabeteetan lanean jarraituko dutela aipatu du koordinatzaileak: «Urtero bezala, herri sahararraren ondoan egongo gara, eta helburua bete arte beraien alboan izango gaituzte. Hala ere, errepikatzen jarraituko dut aurtengo Oporrak Bakean programaren edizioak azkena izan beharko lukeela. Horrek izan behar du gure helburua».

Errepikatzerik nahi ez badu ere, lagunduko nahiko luketen herritarrei harremanetan «beldurrik gabe» jartzeko gonbidapena luzatu die eta horretarako aukera dutela nabarmendu Tolosaldea Sahararekin elkarteko helbide elektronikoan (tolosaldeasahararekin@gmail.com) edo 696 014 786 telefono zenbakian. «Normalean laguntzen gaituzten familiek haurrak parte hartzeko adina gainditu arte irauten dute; baina, izatez, guk eskatzen dugun konpromisoa urte bakarrekoa da, hau da, uda baterako laguntza».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!