2.000. zenbakira iritsi da 'Ataria'

Ataria 2024ko uzt. 2a, 07:58

Bi mila zenbakien atzean ehunka albiste, istorio eta bizipen daude; beste bi mila zenbakira iristeko, bat egin zuk ere Atarikide eginez.

Asko dira ATARIA-ren hamar urte hauetan bildutako erreportaje, elkarrizketa eta albisteak. Komunikazio bideak zabaldu eta aldatu diren honetan, ATARIA modu berrietara egokitzen joan da eta Ataria.eus webgunea indartu du, baina papera ez du alde batera utzi, eta istorio eta albiste horiek egunkari zein astekarian aurkezteko lanean jarraitzen du. Horren emaitza da gaurkoa; 2.000. zenbakira iritsi baita ATARIA.

Eskualdean gertatzen dena eta eskualdeko herritarrek egiten dutena kontatzen jarraitzen dugu euskarri desberdinek eskaintzen dituzten moldeetara egokituz. Lau aste dira jada astekaria itxuraldatu eta edizio sistema berri batekin egiten dugula eta ikasturte berriarekin gauza bera egingo dugu egunkariarekin; egunkariaren mamia ez da aldatuko, baina bai itxura, maketak berrituko baititugu, informazioa modu erraz, erakargarri eta zuzenean helarazi ahal izateko.

ATARIA ez baitago geldi. Gizarteko azken joeretara gerturatzeko egiten dugu lan, gertuko kazetaritza profesionala eskualdeko etxeetara eramateko asmoz. Horretan ari gara lanean eta beste 2.000 zenbaki egiteko ilusio berarekin jarraituko dugu.

Hori bai, proiektua Tolosaldeak eta euskarak merezi duten tamainakoa izatea da gure nahia, eta horretarako, herritarrak bertara batzea ezinbestekoa da. Beraz, badakizu, egin bat ATARIA-rekin, eta izan zu ere Atarikide!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!