Ekaitz Kortajarenak 22 urte ondoren oraindik jarraitzen du podiumera igotzen Espainiako Txapelketan

Ataria 2024ko eka. 27a, 17:24

Eki Lizaso, Allison Rivera, Ekaitz Kortajarena eta Izarne Marko, Espainiako Txapelketan.

Halterofiliako absolutu mailako Espainiako Txapelketan txapeldunorde geratu da 61 kiloko kategorian. Denok Danenako lau pultsulari izan dira parte hartzen txapelketan.

Ekainaren 8an eta 9an, Ourensen, Espainiako Banakako Absolutu Mailako Txapelketa izan zen. Denok Danenako lau pultsulari izan ziren bertan, bi emakumezko eta bi gizonezko. Emakumezkoetan, Izarne Markok 8. postua lortu zuen 49 kilo kategorian, Euskadiko marka berri bat ezarriaz abiada modalitatean 57 kilorekin. Allison Rivera, berriz, 11. postuan gelditu zen.
 
Gizonezkoetan, Eki Lizasok hartu zuen parte 96 kilo kategorian, baina ez zen bere eguna izan. Abiada modalitatean zuritu egin zuen eta bi denboratan brontzezko domina eskuratu zuen. Benetan azpimarragarria, Ekaitz Kortajarenak egindako lana, baita lortutakoa ere. Espainiako txapeldunorde gelditu zen 61 kilo kategorian. Espainiako lehen domina gaztetxoa zenean eskuratu bazuen ere, 22 urte beranduago eta 38 urte betetzeko ateetan, oraindik ere jarraitzen du podiumera igotzen. «Benetako txapelduna!», esan dute taldetik.
 
Bestalde, ekainaren 15ean, Zarautzen Aritzbatalde kiroldegian, Euskadiko Junior Txapelketa izan zen jokoan. Taldeka Gipuzkoa izan zen txapeldun emakumezkoetan, eta bertan parte hartu zuten Denok Danenako Kisbel Lopezek eta Maialen Zubeldiak. Gizonezkoetan ere Gipuzkoa izan zen garailea eta Denok Danenako Unai Mesa, Mohamed Reda El Byad eta Eki Lizaso pultsulariek parte hartu zuten. Kategoria guztietan txapelduna Eki Lizaso izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!