Enba nekazarien elkarteak antolatuta, beste urte batez, Ongi Etorri Baserrira! ekimenaren bitartez, baserrietako jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Uztailaren 5ean eta 6an Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat baserrik zabalduko dituzte ateak bisitatu nahi dituzten herritarrentzat.
Uztailaren 5ean bisitatu ahalko diren baserrien artean Asteasuko Bulano baserria dago. Esne behiak dituzte bertan, eta haurrentzako tailerra ere egingo dute. Hurrengo egunean, berriz, uztailaren 6an, Tolosako Bedaio auzoan, Balerdipeko erleak ezagutzeko aukera ere izango da. Erlezainaren buzoa jantziko dute bisitariek eta erleak gertutik ikusi ahalko dituzte.
Bisitak 11:00etatik 14:00etara izango dira, eta izena emateko eta informazio gehiagorako Ongietorribaserrira.eus webgunea bisitatu ahalko da. Izena emateko azken eguna uztailaren 3a izango da, eta doan da.
Baserrietara eginiko bisitetan, baserritarrak bere baserrian jasoko ditu bisitariak eta bera bizi den herria, ingurua eta berarekin bizi eta lan egiten duen familiartekoa azaltzen hasiko da. Ondoren, berak ekoizten duena, darabilen ekoizpen eta merkaturatzeko era azalduko ditu eta bisitariek egindako galderak erantzuten eta zalantzak argitzen jardungo da. Azkenik, bisita amaitzean, baserritarrak elikagaiak dastatzeko aukera eskainiko die
Ongi Etorri Baserrira! 2014 urteko udan abiatu zen, zortzi baserritako ateak zabaldu zirelarik eta 90 bisitari izan ziren. Geroztik, urtero urtero, baserri eta bisitarien kopurua handituz joan da. Iaz, esaterako, 20 baserri zabaldu ziren.