Elkarrizketa

«Gizartean badago oinarri sendo bat, orain mugiarazi egin behar dugu»

Jon Miranda Labaien 2024ko eka. 26a, 07:59

Beñat Sarasola Gure Eskuko arduradunak burujabetzaren eta nazio aitortzaren aldeko dinamika berriaz hitz egin eta mugarri bat iragarri du azaroaren 16rako: Bagara bideo maratoia. Herri bat badela irudi bidez erakusteko proiektua da.

Gure Eskuk Bagara bideo maratoia aurkeztu du Herri Libre Bat dinamikaren barruan. Burujabetzaren eta nazio aitortzaren aldekoa izango da ekimena. Azaroaren 16an ikusiko du argia eta Gure Eskuko arduradun Beñat Sarasolak parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Zein helburu ditu Herri Libre Bat dinamikak?

Gure iparrorratz diren helburuak ditu baita dinamika honek ere. Alegia, guk erabaki nahi dugula gure etorkizun politikoa. Herri bat gara, eta hortaz erabakitzeko eskubidea dugu. Orain herritarron garaia da, herritarrok hitza hartzeko garaia. Etorkizuna boto bidez erabaki nahi dugu, erreferendum bidez, prozesu demokratiko bat aurrera eramanez.

Garai aproposa da hau burujabetzaren eztabaida erdigunera ekartzeko?

Euskal Herrian badago nolabaiteko sinkronia gai hauen inguruan.  Geroz eta behar handiagoa ikusten dugu autogobernu esparru hori berritzeko. Erronka komunak ere baditugu, Tolosaldean, zer esanik ez, osasungintzarekin daukagun problematika hor dago. Baina nazio mailan, guztiok ukitzen gaituzten gaiak, etxebizitza, trantsizio energetikoa edota zaintzarena bezalakoak, hizpide ditugu azkenaldian. Erabakitzeko eskubidea gure eskutan edukitzeak ahalbidetuko liguke egoera horiei erantzun komun bat ematea eta konponbidean jartzea.

Euskal Herrian ematen ari  diren burujabetza ariketa guztiak norabide berean jartzea da zuen proposamena?

Zalantzarik gabe. Nazio honek behar du eragile guztion bateratasun hori eta guztiok norabide berean aritzea. Era berean, eragile politikoei ere exijitu beharko genieke norabide horretan aritzea. Burujabetzaren alde inoizko gehiengo zabalena dago Eusko Legebiltzarrean. Uste dut gizartean badagoela oinarri sendo bat, eta orain oinarri hori mugiarazi egin behar da.

Zizurkilen egin zenuten Tolosaldeko aurkezpena. Zein giro sumatu zenuten?

Bueno, errealistak izanik, hasierako erantzuna beti izaten da guk nahi izaten duguna baino hotzagoa. Kosta egiten da herritarrak aktibatzea, baina jarduera erakargarri bat aurrean jarriz gero, oso erantzun polita jaso ohi dugu. Antolatu izan ditugun ekimenak dira horren lekuko. Gu saiatuko gara, giroa berotzen, gure sareen bitartez eta komunikabideon laguntzaz.

Bagara deitutako bideo maratoia iragarri duzue. Nola gauzatuko da egitasmoa?

Bideo maratoi hibridoa deitu diogu. Azaroaren 16an, zuzeneko ekitaldiak izango dira eta horiek streaming bitartez eskainiko dira. Baina tartean aurrez prestatutako bideo maratoi bat eskainiko da, zortzi ordukoa. Aurrez grabatutakoak botako dira bideo kate deitu diezaiokegun horretan.

Bideo kate hori zer nolako irudiekin osatzea proposatzen duzue?

Askotarikoekin. Subiranotasuna, lurraldetasuna eta herri harrotasuna dira proiektu honen ardatzak. Proposamen hori luzatzen diegu herritarrei, harro dauden hori erakutsi diezaiotela jendeari, bi-hiru minutuko bideoetan. Izan daitezke gure ekitaldi kuttunak, paisaiak... Jendeari bururatzen zaiona ongietorria izango da, baina irudi horiekin guztiekin Euskal Herri osoko mapa osatu nahi genuke.

Zein baldintza tekniko bete behar dituzte bideoek?

Gehiago jakin nahi duenak galdetu dezake, baina esan dezagun, horizontalean grabatu beharko direla irudiak, Full HDn, 1080p eta 30 fps formatuan. Edozein mugikor koxkorrek betetzen ditu baldintzak. Grabaketa egiteko laguntza behar badu jendeak, gurekin jarri daiteke harremanetan gure posta elektronikoan: tolosangureesku@gmail.com.

Bideo katearekin batera ekitaldiak iragarri dituzue. Xehetasun gehiago ematerik bai?

Bost ekitaldi izango dira Bilbon, Donostian, Baionan, Gasteizen eta Iruñean. Lekuak zehaztu gabe daude, baina esan dezagun egunean zehar tartekatuko liratekeela ordubeteko bost ekitaldiak. Kultur arlotik joango dira.

Nola animatuko zenituzke herritarrak parte hartzera?

Uste dut irudi horiek grabatzeak ez duela lan handia suposatzen, eta alderantziz, emaitza ikaragarria izan daitekeela. Ahaztezina. Ea hemendik 10 urtera gogoan ditugun irudi hauek eta esan ote dezakegun, herri honek duen erabakitzeko eskubidean gure hondar aletxoa jarri genuela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!