Duela hamaika urte jakin zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985) Giza Immunoeskasiaren Birusa zuela, hots, seropositiboa zela. Hamarkada batez «mantapean gorde» ondoren, iazko martxoan urratu zuen isiltasuna, eta ez nolanahi: Kanpora sartzen antzezlana idatzi eta oholtzaratu zuen. Taularen gainean Intza Alkain du kide: birusa. «Negar ere egiten dute batzuek, baina, orokorrean, pozik ateratzen dira». Gaur, Leidorreko oholtzan, drama, umorea eta bien arteko elkarbizitza; hurrengo lerrootan, berriz, xehetasunak eta gonbidapena.
Zer topatuko du, gaur, Leidorrera joaten denak?
Ba topatuko du Xabin, x eta n hizkiekin; lana lehen pertsonan delako, eta izenarena ere behin eta berriz erabiltzen dudalako. Finean, nire esperientzia pertsonal batean oinarritutako istorio bat ezagutuko du. Nik duela hamaika urte jakin nuen seropositiboa nintzela, eta hamar urtez isilean gorde ondoren, gaur ikusiko dutena da zer bizi izan dudan hamarkada horretan. Birusaren eta bion arteko elkarbizitza dela esaten dugu normalean.
GIBa da lanaren ardatz. Badaude hari mutur gehiago?
Birusa ere protagonista da. Intza Alkainek gorpuzten du eta oholtza gainean dago etengabe. Egia da hori ardatz hartuta beste zenbait gai ere jorratzen ditugula. Denbora honetan izan dugun esperientziagatik ohartu naiz jende asko, agian, beldurrez etortzen dela. Gaia ez da samurra, ez da erakargarria, horrela, boteprontoan. Baina ikusi ondoren askoz lasaiago ateratzen da jendea. Negar ere egiten dute batzuek, baina, orokorrean, pozik ateratzen dira. Guretzat pozgarria da hori.
'Kanpora sartzen' izena du obrak, eta badu bere esanahia, ezta?
Askotan iruditzen zaigu errazagoa dela idaztea, gero izena topatzea baino. Buruan oso argi nuen Kanpora sartzen erabili nahi nuela; baina denborarekin konturatu naiz, agian, jendearentzat ez dela hain erraza. Nire izenarekin bezala, jendea oraindik nahastu egiten da: «Nola zen hau? Sartu kanpora? Kanpora, zer?». Narras samar geratu da, baina nire barruan badu esanahia.
Kaiola bat dago gurekin batera oholtza gainean, eta gurekin batera protagonista da. Nik esaten dut hamar urte pasa ditudala kaiola horren barruan; eta kontatzearekin ateratzen ari naiz, baina, aldi berean, nolabait gizartera sartzen edo itzultzen ari naiz. Kaiolatik kanpora goaz, baina bueltan jendartean sartzera. Horrekin jolastu nahi zuen izenburuak.
Nola oroitzen duzu obra oholtza gainean lehen aldiz egin zenuen eguna?
Ez zait sekula ahaztuko, osagai asko bildu zirelako. Batetik, azken urte horietan gauza asko idatzi nituen, eta banuen zerbait egiteko asmoa, baina ez antzezlan bat izango zenik. Beraz, batetik, idazki horiek antzerki obra moduan gorpuztuta ikustea. Lantalde bat izateak eta babes horrekin lana bizia hartzen doala ikustea niretzat, ja, izugarria izan zen.
Gainera, terapia moduan ere oso baliagarria izan da; lagundu baitit zenbait pauso ematen. Eta, bestetik, estreinaldia egiteko aukeratu genuen eguna ere berezia izan zelako: martxoaren 11 batean jaso nuen nik diagnostikoa, eta martxoaren 11 batez estreinatu genuen; justu hamar urte betetzen ziren egunean, borobil-borobil. Larunbata suertatu zen 2023an, eta pentsatu genuen data aproposa zela.
Eta hori gutxi ez, eta etxean bertan estreinatu genuelako: Legorretako antzokian. Nik hamar urte horiek Legorretan pasa ditut eta herria ere presente dago. Hori dela eta pentsatu nuen plaza egokia zela abiatzeko. Gero, jakina, hain apustu handia eginda, aurre egin behar zitzaion horri guztiari; eta egun berezia izan zen. Beldur handia nion, eta azkenean uste baino gehiago gozatu nuen eta egun polita izan zen, benetan.
Eta, ordutik, nola aldatu da antzezlanarekin sentitzen duzuna?
Orokorrean, oso eroso sentitzen naiz; lehen esan bezala, terapeutikoa ere izaten ari da. Antzezlaneko momentuetako bat da diagnostikoa jaso nuen momentua: telefono dei baten bitartez jakin nuen. Orduan, oholtzara igotzen naizen bakoitzean telefono dei hori berriz jasotzen dut. Hamar urtean ia gogoratu nahi ez nuen dei hura, orain, maiz hartzen dut; eta maiz elkarrizketa horri aurre egiten diot. Azkenean, horrekiko nire aldartea ere hobetzen doa eta lasai nago.
Bestalde, jendearen erantzuna oso positiboa izaten ari da eta gauza oso politak esaten dizkigute irteeran. Jende asko oso identifikatuta sentitzen da; eta ez bakarrik birus honekin lotura zuzena duelako, agian, beste birusen bat edo gaixotasunen bategatik ere sentitu delako kaiola horren barruan. Eta kuriosoa da, baina jende asko ireki da nirekin gerora. Urte eta erdira bidean goaz, plaza asko bisitatu ditugu, antzoki asko... Eta hau ere aipatu nahi nuen: jakina, izan gara Donostiako Antzoki Zaharrean –leku bat aipatzeagatik–, baina izan gara, baita ere, Gabiriako festetan. Azkenekoa Itsasondoko eskolako gimnasioan egin genuen. Herri txikiek badute, ez dakit, zerbait berezia. Publikoarekin sortzen den harremana berezia da, eta herri txikietako emanaldiak bereziki kutunak izaten ari dira, bai.
Aipatu duzu terapeutikoa izaten ari dela. Propio erabaki zenuen antzezlana egitea?
Bai. Gauzak idatzita nituen, baina helburu jakinik gabe. Duela urte batzuk telebistan nenbilen lanean eta, momentu hartan, beste forma bat emango niokeen. Baina ez nuen pausoa eman, ez nuen momentua aurkitu; esango nuke neroni ere ez nengoela behar bezala prestatuta. Pandemiaren ondoren, berriz, antzerkia jarri nuen nire bidean. Donostiako arte eszenikoen tailerrean izena eman nuen, eta iruditu zitzaidan hura izan zitekeela hau ateratzeko bidea. Helburu jakin horrekin hasi nintzen forma ematen.
Ez nuen uste hain handia izango zenik, eta hain harro sentituko nintzatekeenik honekin guztiarekin: lantaldearekin, egin dugun bidearekin... Ez nuen imajinatuko gaur Leidorren izango ginenik nire miseria komedia bihurtzen. Baina hala da, eta oso pozik nago, jakina.
Badago, neurri batean behintzat, gaiari ikusgarritasuna emateko intentzio bat.
Nik hamar urte hauetan ez dut honi buruz hitz egiteko erraztasunik edo gaitasunik izan. Uste dut neroni ez nengoela prestatuta; mantapean gorde dut. Gertuko pertsonekin hitz egin nuen, baina hortik aurrera ez dut ausardiarik edo askatasunik izan gehiago hitz egiteko.
Honekin ez dut esan nahi hemen ez dagoenik hitz egiteko aukerarik. Zorionez, pribilegiatu batzuk gara eta Gipuzkoan Harri beltza elkartea daukagu, zeina sekulako lana egiten ari den eta sekulako babesa ematen dien seropositiboei. Baina nik ez nuen pausoa eman, ez nuen laguntzarik eskatu hamar urte horietan.
Bestalde, Legorreta bezalako leku batean ia ez da existitzen gai hori. Istorio gutxi ezagutzen ditugu, aspaldikoak dira, ilunak, eta beti hiri handietan gertatzen dira. Horregatik uste dut garrantzitsua dela gaur egungo ikuspuntu bat ematea, hain zuzen, azaltzea zein den gaur egun seropositibook bizi dugun errealitatea, zorionez, ez duelako zerikusirik duela hamarkada batzuetako egoerarekin.
Umorez kontatzen duzu, izatez, gai tragiko samartzat har litekeena. Nondik dator hautu hori?
Orain ondo nago. Oso gogorra da hau kontatu behar izatea, baina jakitun naiz nire inguruarentzat ere ez dela erraza. Nire familia hartuta adibidetzat. Imajinatzen ditut pentsatzen: «Semeari tokatu zaio, eta gainera kontatu egin nahi du; alu honek kontatu egin nahi du guztia». Beraiek ere prestatu behar izan nituen horretarako.
Dena dela, argi daukat ikustera etortzen den hori ez dudala triste ateratzea nahi. Gaiak, berez, badu nahikoa pisu, baina gaur egungo errealitatea da ez da hainbesteko mamua. Hori erakusteko umore puntuak sartzea aproposa iruditu zitzaidan, eta gero Aitziberrek [Garmendia] distira atera dio.
Esan behar dut kostatu zaigula muga topatzea ere. Pentsatu izan dugu ea urrutiegi joaten ari ote ginen. Barre egitea betiere errazagoa da lehen pertsonan gertatzen zaizun gauza bati buruz. Baina beste seropositibo batek ikusiko balu obra hau, ez nuke gaizki sentitzerik nahi. Beraz, muga horiek zainduz, baina umorea ere atera diogu eta esango nuke puntu politean geratu dela.
Oholtza gainean Intza Alkainekin aritzen zara eta Aitziber Garmendia aritu da zuzendari lanetan. Aipatu izan duzu gustura egin duzula lan talde horrekin batera.
Oso. Aitziberri deitzeko ideia kanpotik etorri zitzaidan. Aurretik ere ezagutzen nuen, eta segituan sartu zen proiektura. Egia esan, bere baiezkoaren ondoren lasaiago egin nuen lo, banekielako antzerki obra honek behar zuen puntua emango ziola. Eta Sara [Cozar] ere ez dugu ahaztu behar. Biek talde oso ona osatu dute zuzendari eta zuzendari laguntzaile roletan, eta izan dira pixka bat polizia zintzoa eta polizia gaiztoa. Aitziberrek, batzuetan, bere fantasiak ditu eta Sara izan da pixka bat guztiok lurrera ekartzen gintuena. Oreka aproposa izan dela esango nuke. Intzari asko diot eskertzeko, eta Aitziberri eta Sarari, zer esanik ez.
Zer esango zenioke antzezlana ikustera joan edo ez zalantzan dagoenari?
Iruditzen zait askori gaiak beldurra ematen diela edo arrotza egiten zaiela. Ahaztu dezatela hori, eta etor daitezela lasai, gozatzera eta ondo pasatzera. Jendea informatzen dugu, baina zeharkako modu natural batean. Emozioz betetako obra bat da, sorpresa asko daude, tartean nire familiako pertsona batzuk ere ageri dira... Ezaugarri eta osagai oso politak ditu, eta nik uste merezi duela. Beraz, etorri, mesedez. Gaur, ekainaren 28a gainera, harrotasunaren eguna da, eta eguna bukatzeko plan borobila da.
Gaur, Tolosan, baina badituzu emanaldi gehiago ere, ezta?
Kosta zait etortzea, baina oso pozik nago Tolosa oso berezia delako niretzat. Gainera, Kanpora sartzenek eman didan indarrarekin beste bi obra txiki idatzi ditut. Bada, Amarotzetik deitu zidaten eta bi horiek eskainiko ditugu astelehen arratsaldean, antzerki astearen barruan. Famiglia du izena batek, eta familiaren mafiaren inguruan hitz egiten du. Bestea, berriz, Hirurak telefonora begira da, beste mafiatxo bati buruz: lagunak, kuadrillismoa eta antzeko gaiak lantzen ditu. Beraz, bi mafiak, astelehenean, Amarotzen.