Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak udalen esku jarri du etxeko animaliak babesteko 9/2022 legean eta animalien eskubideak eta ongizatea babesteko 7/2023 legean jasotako udal-eskumenak zehaztu eta garatzen dituen ordenantza. Ordenantza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek osatutako talde tekniko baten urte eta erdiko lanaren ondorioa dela esan du eta dokumentuak, guztira, 47 artikulu dituela. Horien artean daude arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei buruzko xedapen espezifikoak. Ordenantza berri hau gomendioa dela esan du eta udalerriaren errealitate espezifikora egokitu ahal izango dela.
Ordenantzaren aplikazio-eremua etxeko animaliak dira, batez ere, txakurrak, katuak eta hudoak, baita animalia laguntzaile (artzain txakurrak, erreskatekoak…) eta exotikoak ere. Beren araudiari lotua egoteagatik eta beste administrazio batzuen eskumena izateagatik, honako jarduera hauek kanpoan geratzen dira: ehiza, arrantza eta abeltzaintza, izurriteen kontrola, etxeko animalien merkataritza eta salmenta, gune zoologikoak, tauromakia eta etxeko animaliekin egiten diren ikuskizun publikoak edo jolas jarduerak.
Betebehar eta eskumen zabalagoak
Ordenantzak zehatz-mehatz garatzen ditu udal-erantzukizunak, hala nola, txakurrentzako aisialdirako guneak edo animaliak establezimendu eta garraioetara sartzeko arauak. Udalen eskumen berrien artean, nabarmentzekoak dira katu-koloniak kudeatzea eta katu komunitarioak kontrolatzea, edo bide publikoan bildutako animaliak aldi baterako zaintzarako udal-zentro bat edo zentro itundu bat izatea.
Eudelen ustez udal ordenantza honek jauzi kualitatiboa dakar, animalien ongizatearen kontzeptua barneratu baitu eta izaki bizidun «sentikor» gisa aitortzen baititu.
Arau-hausteak eta zehapenak
Ordenantzak isunak aurreikusten ditu. Arau-hauste arinek ohartarazpena edo 100 eta 3.000 euroren arteko isuna ekarriko dute. Eta arau-hauste horiek dira mina, beldurra edo estresa eragitea; eskualdaketa aurretik txakurrak eta katuak ez esterilizatzea; behar ez bezala garraiatzea; albaitaritza-tratamendurik ez ematea; ankerkeria-eszenak filmatzea edo argazkiak ateratzea; bide publikotik gorozkiak ez kentzea edo fatxadetako eta hiri-altzarietako pixak ez garbitzea; eta janaria baimenik gabeko espazioetan uztea, besteak beste.
Arau-hauste larriek 3.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isuna izango dute. Arau-hauste larriak dira lesioak eragitea; tratu laidogarria; publizitate-helburua dituzten zozketak edo dohaintzak; albaitaritza-laguntzarik ez ematea; eta katua edo hudoa 24 orduz bakarrik uztea eta txakurra 12 ordu baino gehiagoz bakarrik uztea, animalia aireztapenik gabeko ibilgailuetan edukitzea.
Arau-hauste oso larriek 10.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna izango dute, eta hauek dira arau hauste horietako batzuk: tratu txarrak ematea; mutilatzea; albaitariaren kontrolik gabe hiltzea edo esterilizatzea, animalia etengabe lotuta edukitzea; zigor-lepokoak erabiltzea; alkohola, drogak edo botikak ematea; eta erasoren bat gertatuz gero, albaitariaren behaketaren pean jartzeko betebeharra ez betetzea.
Bestelako argibideak
Eudelek gogoratu du bizikidetza arduratsua bultzatu behar dela eta, beraz, udalak zehaztuko dituela txakurrak aske egon daitezkeen ordutegiak eta udalerriko eremuak eta, oro har, establezimendu (elikagaien salmentakoak izan ezik) zein garraio publikoek animaliei, lotuta eta kontrolatuta, sartzeko baimena ematen dielña, baldin eta barrutiaren segurtasun-neurriak eta higiene eta osasun-baldintza egokiak betetzen badituzte. Establezimenduak sarrera debekatuz gero lokalaren kanpoko aldean ikusteko moduko bereizgarri baten bidez adierazi beharko du.
Esan du, era berean, animaliak ibilgailuaren atzeko aldean joan beharko dutela, eta bide-segurtasuneko araudian ezartzen diren eusteko edota segurtasuneko bitartekoak erabili beharko dituztela.
Katu komunitarioen eta katu kolonien inguruan esan du udalen eskumena dela udalerri bakoitzean katu komunitarioen populazioa kontrolatzea. Horretarako, CER metodoa erabiliko da (harrapaketa, esterilizazioa, markaketa eta itzulera) eta katu-koloniak kudeatzeko programak garatuko dira. Era berean, Katu Komunitarioen Udal Errolda sortu behar da eta, horretan, udalak onartutako katu-koloniak inskribatu behar direla.