Gabirondo izan da azkarrena Zizurkilen

Ataria 2024ko ekainaren 19a

Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa irabazi du Gabirondok. Igande honetan Sega Sail Txapelketa izango da Amasa-Villabonan.

Gipuzkoako sega txapelketak daude jokoan, gizonezkoen mailan. Zizurkilen igandean jokatu zen Azkartasuneko Txapelketa, eta datorren igandean, hilaren 23an, Amasa-Villabonako Arratzain baserriaren zelaietan jokatuko da Sega Sail Txapelketa.

Azkartasuneko Txapelketan Julen Gabirondo izan zen txapelduna. Gabirondok 5.56ko denbora behar izan zuen lanak amaitzeko. Ondoren sailkatu zen Mikel Lizartza tolosarra, 6.06 eginez, hau da, hamar segundo eskasera. Jon Otegi ere igo zen podiumera, 6.55ko denborarekin. Oier Urkola anoetarra sailkatu zen laugarren postuan 7.22 eginez, Jokin Etxeberria amasarra bosgarren 7.58rekin, eta Iban Pardo izan zen seigarrena 9.56ko denbora markatuz.

Horietako lau segalari izango dira berriro aurkari igande honetako lehian. Jokin Etxeberria, Julen Gabirondo, Mikel Lizartza eta Iban Pardo ariko dira nor baino nor Sega Sail Txapelketan. Azkar eta txukun moztu beharko dute segalariek 1.000 metro karratuko saila. Segalaria mozten doan heinean, epaileak txukundu beharrekoa markatzen dio eta azkarren bukatzen duenak irabazten du. Amasa-Villabonako Arratzain baserrian izango da jokoan txapelketa hori, 12:00etan hasita.

Argazkiak: Gorka Emazabel/Gipuzkoako Herri Kirol Federazioa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!