ELKARRIZKETA

«Berdin du herri txikia edo handia izan, plaza irakurri egin behar da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 22a, 07:58

Julen Gorostiaga eta Zuriñe Cipitria Muxutruk erromeria taldeko musikariak. J. ARTUTXA

Muxutruk erromeria taldea beasaindarra da sortzez, baina bost kideetatik hiru Tolosaldekoak dira. Bi kantu sortu berri dituzte eta, lehen aldiz, Baionako festetan eta Bilboko Aste Nagusian izango dira. Julen Gorostiaga eta Zuriñe Cipitria tolosarrek taldearen nondik norakoez hitz egin dute.

Azken urteetan, Euskal Herriko festa eta jaialdi askotako egitarauetan ageri den erromeria taldea da Muxutruk. Beasainen sortu bazen ere, Tolosaldeko hiru kide aritzen dira bertan: Villabonako David Garcia gitarra-jotzailea eta Tolosako Julen Gorostiaga bateria-jotzailea eta Zuriñe Cipitria teklatu-jotzailea eta abeslaria. Maddi Otamendi pandero-jotzailea eta abeslaria eta Beñat Iturrioz trikitilaria aritzen dira beraiekin batera.

Non du jatorria Muxutruk erromeria taldeak?

Julen Gorostiaga: Beasaingo musika eskolako trikiti irakasleak sortu zuela uste dut. Talde batzuk zuzentzen zituen eskolan, eta horietan aritzen ziren ikasle batzuek sortu zuten, Muxutruk izenarekin. Gero, Beasaingo jaietan eta herrian ospatzen ziren zenbait ekitalditan jotzen hasi ziren.

Urteen joan-etorrian aldaketa batzuk izan dira taldean. Garaiak aldatzen joan diren bezala, taldea egokitzen joan da. Lehen, gitarra elektrikoaren ordez, akustikoa jotzen zuten. Ni duela bost urte sartu nintzen, eta esango nuke orduan hasi zela taldea Euskal Herrira zabaltzen. Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan edo Araban jotzen hasi ginen. Aurten, lehen aldiz, Ipar Euskal Herrian izango gara, Baionako festetan hain zuzen, eta baita Bilboko Aste Nagusian ere.

Zu Zuriñe, iazko abuztuan sartu zinen taldean. Nolatan animatu zinen?

Zuriñe Cipitria: Lehen, Maddik jotzen zuen teklatua, baina abesten ere aritzen zen, eta orduko abeslariak taldea utzi zuenean, berak hartu zuen ardura hori. Orduan, aukera suertatu zen. Musika eskolako irakasleak eman zidan aukeraren berri. Taldean sartu nintzenean, sekulako poza hartu nuen. Ez nuen sinisten. Lehen momentutik oso eroso sentitu naiz taldean, eta orain, amets bat bizitzen ari naiz, beti nahi izan dudalako erromeria talde batean jo, baina utopia bat bezala ikusten nuen. Beti esan izan diet taldekideei taldean sartu baino lehen beraien jarraitzailea nintzela. Ahal nuen guztietan joaten nintzen beraien kontzertuetara.

 

Zuriñe Cipitria: «Lehen momentutik oso eroso sentitu naiz taldean, eta orain, amets bat bizitzen ari naiz»

 

Julen, zu taldera batu zinenetik, nolako ibilbidea izan du Muxutrukek?

Gorostiaga: Plaza bakoitza ikasgai bat izan da. Erromeria talde batek festara egokitzen jakin behar du, plazan dagoen girora eta bertan daudenek eskatzen dutenera, alegia. Berdin du herri txikia edo handia izan, plaza irakurri egin behar da. Batzuetan, kantu dantzagarriagoak jo behar dira, fandango, arin-arin edo kalejirak, eta beste batzuetan, parranda handia baldin badago, gaur egun modan dauden kantuak. Oraindik lan horretan dihardu Muxutrukek, baina uste dut bide polita egiten ari garela.

Talde askorentzat badira urtero errepikatzen diren plazak. Zuen kasuan ere horrela al da?

Gorostiaga: Tolosako eta Beasaingo musikariez osatutako taldea izanik, bi herri horiek askotan errepikatzen dira gure agendan. Udan, Tolosaldeko herri askotako jaietan aritzen gara. Horrez gain, aurten, lehen aldiz ariko gara Nafarroako zenbait herritan. Agenda beteta dugu, eta hori oso pozgarria da.

Lehen aldiz herri batetik deitzen dizuetenean, urduritasuna nabaritzen duzue?

Cipitria: Bai. Publikoa ez duzu ezagutzen, ez duzu jakiten nolako jarrera izango duen. Hala ere, esperientzia modura ederra da denetik bizi ahal izatea. Gu ahalik eta hobekien egitera joaten gara.

Julen Gorostiaga: «Herri ezezagun batetik lehen aldiz deitzen digutenean, aurrez begiratu egin behar izaten dugu non dagoen, zenbat biztanle dituen edo nolako plaza duen»

Gorostiaga: Herri ezezagun batetik lehen aldiz deitzen digutenean, aurrez begiratu egin behar izaten dugu non dagoen, zenbat biztanle dituen edo nolako plaza duen. Graziosoa izaten da.

Zuena, berez, ofizio bat da, baina ez da ohiko ofizio bat. Nola funtzionatzen du erromeria talde batek?

Gorostiaga: Askotan aipatzen diogu elkarri denboraldia urtarrilean hasi eta abenduan amaitzen dugula. Denboraldia Tolosako Inauteriekin hasiko dugula jakinda, urtarrilean hasten gara entseguekin. Hilabete hartzen dugu prestakuntza lanetarako, eta gero, Aste Santuen ondoren, ia astebururo jotzen dugu nonbait. Udan, berriz, astean zehar ere aritzen gara.

Ez duzue atsedenaldirako tarte handirik izaten.

Gorostiaga: Ez. Gainera, kontuan hartu behar da bost kide garela, eta bakoitzak, taldeaz gain, bere lanbidea duela. Oporretara joatea ere gustatzen zaigu, eta zaila izaten da guztiok ados jartzea. Hala ere, orain artean, behintzat, ondo moldatu izan gara.

Zuen ustez, zer da ezinbestekoa erromeria talde batean?

Cipitria: Lehenik eta behin, gogoa, bai ondo pasatzeko, baita lanerako ere, eta ondoren, konpromisoa. Joko ditugun kantuak guztion artean adostea, taldean giro ona edukitzea, eta elkarlanean aritzea ere ezinbestekoa da. Azkenik, oso garrantzitsua da publikoa entretenitzen eta dantzan jartzen jakitea.

Gorostiaga: Errespetua ere gehituko nuke nik. Ordu asko igarotzen ditugu elkarrekin, zenbaitetan, gainera, desordutan aritzen gara, eta ondorioz, asko nekatzen gara.

Desordutan, eta egun berean bi herritan ere bai.

Gorostiaga: Aurreko larunbatean hori gertatu zitzaigun. Arratsaldean Altzon izan ginen, bertako eskolaren 25. urteurrenaren festan. Gauean, berriz, Ibarrako Gazte Festetan jo genuen. Eskerrak elkarrengandik gertu dauden!

Gogoan duzue urte hauetan guztietan bizi izandako anekdotaren bat?

Cipitria: Niri ez zait inoiz ahaztuko Iturmendikoa (Nafarroa). Duela hilabete izan ginen bertan, Mikel Donea festetan. Kontzertuaren momentu batean, Zapatillas abestia jo genuenean, publikoa erotu egin zen, eta gu barrez lehertzen hasi ginen. Oso ondo pasa genuen. Orain, abesti hori jotzen dugun aldiro, beti gogoratzen gara Iturmendirekin eta bertako publikoarekin, eta barrez hasten gara.

Gorostiaga: Herri txiki bat da, eta sei orduz aritu ginen bertan: arratsaldean bi ordu, eta afaldu ondoren, lau. Arratsaldean, gainera, euri zaparrada ederra bota zuen, eta ia ez zen inor ibili plazan. Afalorduan, oso nekatuta geunden, eta ez genekien gauean inor animatuko ote zen gu entzutera. Azkenean, pixkanaka jendez betetzen hasi zen plaza, eta hamabost bat gaztek barruan zuten guztia kanpora atera zuten, eta ikaragarri gozatu genuen beraiekin. Azkenean, azkar pasa zitzaizkigun lau orduak.

Horrelako egoerak kudeatzen ere jakin behar da, ezta?

Gorostiaga: Beno, ederragoa izaten da plazan gutxi batzuk egonda ere, guztiak dantzan egotea, ia beteta eta denak geldirik egotea baino. Hori gogorragoa izaten da.

 

Julen Gorostiaga: «Ederragoa izaten da plazan gutxi batzuk egonda ere, guztiak dantzan egotea, ia beteta eta denak geldirik egotea baino»

 

Etengabe egin eta jo behar izaten dituzue modan dauden abestien bertsioak?

Cipitria: Berez, kontzertu bakoitzerako joko ditugun abestien zerrenda desberdin bat egiten dugu. Gero, ordea, momentuaren eta plazako giroaren arabera, edo publikoaren eskaerak kontuan izanda, abestiren bat aldatzen dugu. 

Gorostiaga: Pasa den larunbatean, adibidez, Altzoko kontzerturako, haurrei edo familiei gehiago bideratutako errepertorioa prestatu genuen, eta Ibarrako saiorako, berriz, gazteengan pentsatutako zerrenda bat. Bi errepertorio oso desberdin izan ziren.

Hori ez da lan makala. Zenbat kantu jotzen dituzue guztira?

Gorostiaga: Ehun bat edo izango dira. Bizpahiru ordutan 40-60 abesti inguru jotzen ditugula kalkulatzen dugu.

Eta nor arduratzen da bertsioak egiteaz?

Gorostiaga: Abeslariak egiten dizkigu etxeko lan guztiak, eta eskertzekoa da.

Zuriñe Cipitria: «Kontzertu asko ez ditugun momentuak aukeratzen ditugu, elkartu eta abesti berrien entseguak egiteko»

Cipitria: Kontzertu asko ez ditugun momentuak aukeratzen ditugu, elkartu eta abesti berrien entseguak egiteko. Ahalik eta probetxu gehien ateratzen saiatzen gara.

Gorostiaga: Esan beharra dago, parranda egiteko elkartzen garela, modan dauden abestiak zeintzuk diren ezagutu eta gure artean bertsioak egin behar diren ala ez erabakitzeko.

Azken urte hauetan, inoiz baino kontzertu gehiago egiten ari zarete, eta bi kantu berri ere kaleratu dituzue.

Gorostiaga: Bosgarren urteurrena berezia izatea nahi genuen. Urtero jotzen dugu Beasaingo festetan, eta aurten, urte hauetan guztietan eman digun babesa eskertu nahi genion herriari. Jaietako ezaugarriak rantxera batean uztartzea pentsatu genuen, eta Loinatz jaiak kantua sortu dugu. Maiatzean izan berri diren festetan aurkeztu dugu, eta sekulako erantzuna izaten ari da.

Beasaingo festetan abesteko soilik kaleratu duzue?

Gorostiaga: Beno, badaezpada, beste kantu bat ere kaleratu dugu, Bihotza sutan izenekoa, denerako balio duena. Loinatz jaiak kantuaz gain, abesti propio bat eduki nahi genuen, gainerako plazetan jo ahal izateko. Plazetan publikoak ematen digun guztia eskertzea da ideia.

Eta zein da asmoa, disko bat osatzea edo?

Cipitria: Oraingoz horrela mantenduko gara. Auskalo etorkizunean zer pasatzen den. Oraindik ez dugu horretan pentsatu.

Gorostiaga: Ikusiko dugu udan nolako erantzuna duten abestiek, eta denboraldia amaitutakoan aztertuko dugu.

Motzean

Plaza saltoka  jartzeko kantu bat.

Gorostiaga: Isil-isilik.

Cipitria: Lokaleko leihotik edo Corazon de tango.

Plaza kuttun bat.

Gorostiaga: Tolosako  San Joan egunekoa.

Cipitria: Tolosako Inauterietakoa.

Festa bat.

Biek: Inauteriak.

Gehiegi gustatu ez, baina beti jo behar izaten duzuen abesti bat?

Gorostiaga: Kolore kolore.

Cipitria: Eskutitza.

Kontzertu bat,  urteko ze sasoitan?

Biek: Udan.

Arratsaldez edo gauez?

Biek: Gauez.

Zer egingo zenukete Muxutruken alde, musu-truk?

Biek: Orain egiten dugun  gauza bera. Gure onena eman  eta plaza dantzan jarri.

 

KONTZERTUAK

Ekainak 24, astelehena. Tolosa. San Joan jaiak.

Ekainak 29, larunbata. Ondarroa. Zapato Azule.

Uztailak 11, osteguna. Baiona. Baionako festak.

Uztailak 13, larunbata. Belauntza.

Uztailak 14, igandea. Alegia. Alegiako festak.

Abuztuak 10, larunbata. Aduna. Andra Mari jaiak.

Abuztuak 14, asteazkena. Orendain. Andra Mari jaiak.

Abuztuak 21, asteazkena. Bidania-Goiatz. San Bartolome jaiak.

Abuztuak 23, ostirala. Bilbo. Bilboko Aste Nagusia.

Abuztuak 25, igandea. Ibarra. San Bartolome jaiak.

Irailak 11, asteazkena. Ordizia. Euskal Jaiak.

Irailak 20, ostirala. Irura. San Migel festak.

Irailak 28, larunbata. Beasain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!