Hamar biztanleko 2,17 txakur daude Tolosaldean

Ataria 2024ko eka. 18a, 11:00

Azken urteetako irudipena da umeak baino txakur gehiago daudela gizartean. 'Ataria'-k, Tokikom taldeko hainbat komunikabiderekin eta EITB-rekin elkarlanean, urteko bigarren Saretzen proiektua eskaini dio gaiari, eta datu zehatzak lortzea zaila izan bada ere, 2024ko datu ofizialei begira bai ondorioztatu ahal izan duela Tolosaldeko kasuan hamar biztanleko 2,17 txakur daudela.

50 biztanleko 11 txakur

Eskualdean, 2024an, 49.720 pertsona bizi dira. Egoki eta behar den bezala erregistratuta dauden txakurrak berriz, 7.498 dira. Bi datuak alderatzen baditugu, 50 biztanleko 11 txakur daude.

Tolosaldeko herriz herriko datuei erreparatuta Orexa da biztanleriarekin alderatuz, txakur gehien dituen herria; 9,02 txakur hamar biztanleko (102 biztanle eta 92 txakur). Atzetik du Hernialde, 7,61 txakur hamar biztanleko. Kontrara eskualdeko herririk handienak daude eta hemen biztanleko txakur gutxien dituen herria Tolosa da; 19.929 biztanle eta 2.367 txakur ditu, hau da, 1,19 txakur hamar biztanleko.

Haurrak baino txakur gehiago

Eta zer gertatzen da haurren kontuarekin? Esaten den bezala ume baino txakur gehiago al dago? 'Ataria'-k lortutako datuen arabera, 15 urtetik beherako 8 gazteko 11 txakur daude eskualde osoa kontuan hartzen badugu.

15 urtetik beherakoen herriz herriko datuei erreparatuta, berriz, ikusten da herri batzuetan kopurua nahiko parekatua dagoen arren, badaudela herriak non txakur gehiago dauden nabarmen: Orexan 15 urtetik beherako 14 gazte dauden bitartean 92 txakur daude, Asteasun 227 gazte eta 630 txakur, Berastegin 139 gazte eta 644 txakur, Amezketan 124 gazte eta 570 txakur, Hernialden 25 gazte eta 239 txakur eta Orendainen 50 gazte eta 101 txakur.

Baina badaude eskualdeko datuaren kontrara, haur gehiago dituzten herriak. Tolosan esaterako, 15 urtetik beherako 2.851 gazte daude eta txakurrak aldiz, 2.367 dira; Anoetan 15 urtetik beherako 366 gazte daude eta 352 txakur; eta Iruran 372 gazte daude eta 284 txakur. Ibarrak kopuru antzekoa du; 15 urtetik beherako 576 gazte daude eta 579 txakur.

 

Konpainiakoak, erdiak

Datuek, txakurren erabilerari lotuta, hiru eremutan banatzen dituzte: konpainiarakoak direnak, ehizarako direnak eta zaintza-artzaintzarako erabiltzen direnak. Eskualdeko datuetan argi ikusten da dauden txakur gehienak konpainiarako dituztela jabeek (10.810 txakurretatik, %51,1 dira konpainiakoak): ondoren ehizarako erabiltzen direnak daude (%36,2); zaintza-artzaintzarakoak hirugarren lekuan (%11,9); eta %0,7 bestelako erabilera dutenak.

Eskualdeko datuei erreparatuta, erabilera horien zenbatekoak zertxobait aldatzen da herriaren arabera. Esaterako, Iruran dauden txakur gehienak (%68,00) konpainiakoak dira eta %7 bakarrik erabiltzen dira zaintza-artzaintza lanak egiteko. Kopuru hori asko aldatzen da herriaren ezaugarrien arabera. Adibidez, Amezketan, non ohikoa den abereak edukitzea, txakurren %45,8 zaintza-artzaintzarako erabiltzen da eta konpainiarako txakurrak %37,5 dira. Ehizarako txakurrak batez ere, Baliarrainen zenbatu dituzte: %57,5 dira ehizarako, %31,3 konpainiarako eta %11,3 zaintza-artzaintzarako. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!