Gipuzkoako Futbol Sarietako batzuk eskualdera iritsi dira

Ataria 2024ko ekainaren 12a

Joaquin Urio, Naroa Garaialde, Patxi Renobales eta Lauburu Ibarra klubeko bi talde izan dira nabarmendu dituztenak.

Gipuzkoako Futbol Federazioak Gipuzkoako Futbolaren Galaren hirugarren edizioa ospatu berri du Oñatiko Santa Ana Antzokian. III. Gipuzkoako Futbol Sarietan hainbat sari banatu dira 2023/2024 denboraldian Gipuzkoako futbolean izandako ibilbide, lan edo jardueragatik garrantzia izan duten pertsona, klub eta erakundeei, eta sarituen artean eskualdekoak izan dira.

Hain justu, bi epaile izan dira sarituak. Joaquin Urio Velazquez tolosarrak bere ibilbidearen errekonozimendua jaso du, eta Naroa Garaialde Puras tolosarrak epaile nabarmenduaren saria. Patxi Renobales Tolosa alegiarrak, Intxurre futbol klubeko koordinatzaileak, Gipuzkoako futbolarentzat egindako lanagatik jaso du saria. Lauburu K.E. Ibarra klubeko bi taldek ere jaso dute saria: Euskal Ligakoak areto futboleko talde nabarmenduarena, eta kadeteen B taldeak kiroltasun keinuagatik.

Saria jaso berritan, Naroa Garaialdek adierazi duenez, «urte osoan zehar egindako lanak badu bere saria. Niri tokatu zait, eta iruditzen zait lan ona eta txukuna egin dudala. Gainera, aukera izan dut Murtziara joateko, eta hango erkidegoko partidak epaitzeko. Aurreko astean ere Madrilen izan ginen. Azkenean denboraldi hau polita izan da, erronka berriekin, eta datorren urteari begira berezia izango da». Bide batez, Garaialdek eskertu die saria jasotzeko bidean izan duen laguntza: «Plazer bat da hau jasotzea, baina sari hau ez da bakarrik nirea. Atzetik jende asko dago lagundu izan didana arauak ikasten, prestakuntza lanetan, eta partidetan ondoan izan ditudan laguntzaileak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!