Eskualdearen ia erdiak egin du Orain Errepublikak hautagaitzaren alde

Ataria 2024ko eka. 10a, 10:43

Parte hartzeak nabarmen behera egin arren, nagusitasunari eutsi dio EH Bilduren Orain Errepublikak hautagaitzak Tolosaldean; CEUSek %11 egin du behera, eta PSE-EE, PP, Vox eta Se acabo la fiesta dira gora egin duten hautagaitza bakarrak.

Tolosaldeko 36.503 lagunek izan dute boto eskubidea Europako legebiltzarrerako hauteskundeetan eta horietatik 17.848 joan dira hauteslekuetara. Abstentzioa duela bost urte baino 18 puntu altuagoa izan da; kontuan hartu behar da 2019an udal eta foru hauteskundeekin batera ospatu zirela Europakoak.

EH Bilduk, besteak beste, ERC eta BNG alderdiekin osatutako Orain Errepublikak koalizioak lortu ditu boto gehien eskualdean, orotara, 8.701; 2019an baino 2.046 boto gutxiago dira, baina boto portzentajean gora egin du EH Bilduk, Tolosaldean hautagaitzei emandako botoen ia erdia –%48,8– harentzako joan baitira.

Orain Errepublikak izan da hautagaitza bozkatuena Tolosaldeko herri guztietan, Albizturren izan ezik; bederatzi botoengatik aurreratu zaio CEUS hautagaitza EH Bilduri Albizturren. Herri gehienetan egin du EH Bilduk portzentajean gora, Zizurkilen eta Gaztelun izan ezik gainerako herri guztietan. Orexan, esate baterako, botoa ematera 58 herritar joan dira eta bik boto baliogabea eman dute, gainerako guztiek Orain Errepublikaken alde egin dute. Boto portzentaje garrantzitsua lortu du koalizio soberanistak Lizartzan –%83,68–, Leaburu-Txaraman –%74,07–, edota Orendainen –%73,27–.

Honenbestez, Orain Errepublikak koalizioak, orain arte zituenak mantenduz, hiru eserleku izango ditu datozen bost urteetan Europako legebiltzarrean. Pernando Barrena izango da EH Bilduko ordezkaria Estrasburgon.

Bigarren alderdi bozkatuena EAJ barnebiltzen duen CEUS koalizioa izan da. Duela bost urte eskuratu zituen botoak baino %11,83 gutxiago eskuratu ditu eta botoen erdia baino gehiago galdu ditu. Bigarren aukera bozkatuena izan da CEUS Tolosaldeko herri gehienetan. PSE-EE aurreratu zaio Ibarran eta Zizurkilen. Orain Errepublikak hautagaitzak EAJren hautagaitzari atera dion aldea txikiagoa izan da zenbait herritan, baina dena den, botoen %30eko langa Gaztelun baino ez du gainditu. %29aren bueltan ibili da Belauntzan eta Elduainen, adibidez.

CEUSek eserleku bat izango du Europako legebiltzarrean eta Oihane Agirregoitia jeltzaleak beteko du, Izaskun Bilbao Barandikaren lekukoa hartuz. Europarlamentari gisa arituko dira, baita ere, beste euskal herritar hauek: Idoia Mendia eta Elena Santxo sozialistak; eta Javier Zarzalejos popularra.

Tolosaldean emandako hamar botoetatik zazpi alderdi abertzaleentzako joan dira. Gainerako alderdiei dagokionez, gora egin du PSE-EEk. Nahiz eta parte hartzea nabarmen jaitsi, 627 boto irabazi ditu eskualdean eta sei puntutan egin du gora. Bigarren alderdi bozkatuena izan da Zizurkilen eta Ibarran.

Espainiako eskuinak hobetu egin ditu emaitzak, eta %2ko babesa jasotzetik %3,5eko babesa jasotzera pasa da Tolosaldean. PPk kendu dio eskualdeko laugarren alderdi bozkatuenaren postua Podemosi. Ezker federalista bananduta aurkeztu da Europako hauteskundeetara eta Podemosek eskualdean botoen %2,3 eskuratu ditu eta Sumarrek %1,9. Bi alderdien botoak gehituta ez dira iristen duela bost urteko %6,5era.

Europako legebiltzarrean ultraeskuinak izan duen gorakadak izan du isla Tolosaldean. Voxek 228 boto eskuratu ditu eta Se acabo la fiesta hautagaitzak, berriz, 152. Boto emaileen %2 baino gehiagok egin du ultraeskuinaren alde. 2019an 78 ziren, 2024an 380 dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!