Astekaria eraberriturik

Ataria 2024ko eka. 6a, 18:48

'Ataria' astekariak edizio sistema berrira egingo du salto bihar; lan egiteko eran antzemango da batik bat, baina hartzaileek ere hainbat berritasun nabarituko dituzte bere orrietan.

ATARIA ari da aurreko ostiraletik aurreratzen berritasunak badatozela. Bada, ostirala iristearekin batera, berritasunetako bat iritsiko da Atarikideen buzoietara: ATARIA astekari berritua.

Honela, ostiraleko aldizkaria berezia izango da oso; ATARIA astekariak edizio sistema aldatu baitu. Edizio sistema aldatzeak, kazetaritzan horren oinarrizkoa izan den QuarkXPress programa agurtzea ekarriko du. Sirius Publisher-ek hartuko du testigua, eta kazetariak egokitzapen prozesuan murgilduko dira. Muinean, erredakzio barnean gertatuko dira aldaketa horiek, baina hainbat xehetasun ere antzemango ditu irakurleak. Esaterako, lehen itxuran astekaria txikiagoa izango da tamainaz, eramangarriagoa, baina tamainak ez dio edukiari eragingo. Izan ere, diseinu egokitzapenak horixe ekarri du, neurri berrira egokitu beharra.

Bestalde, orri kopuruan ere aldaketa dator. Orri gehiago izango baititu aurrerantzean. Astero-astero 36 orriko aldizkaria jasoko dute harpidedunek euren buzoietan.

AHOTS ANIZTASUNA

ATARIA-ren egitekoa eta erronka Tolosaldeko ahotsei tokia ematea da. Hori horrela, astekariko kolaboratzaileak, iritzi emaileak eta atalak gehitzen joan nahi dugu. Zeure burua bertan ikusten baduzu, ez galdu aukera eta idatzi: ataria@ataria.eus.

#EgitekoERAberritzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!