Enpresa txiki eta ertainak energia aurreztera bideratzeko diru laguntzak

Ataria 2024ko eka. 6a, 17:32

Jose Ignacio Asensio diputatua eta Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzeneko lehendakari eta Tolosako alkatea, gaur.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak hitzarmena sinatu du lurraldeko 10 garapen agentziarekin energia planak bultzatzeko. Eskualde bakoitzak 55.000 euro jasoko ditu eta Tolosaldea Garatzen da agentzia horietako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 550.000 euro bideratuko ditu eskualdeetako energia planak sustatzeko, pobrezia energetikoari aurre egiteko eta eskualdeetan eredu energetiko jasangarria sustatzeko. Tolosaldeko Tolosaldea Garatzen da laguntza jasoko duen erakundeetako bat. Besteak Debabarrena, Oarsoaldea, Urola Erdia, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena, Beterri-Buruntza, Bidasoa eta Urola Kosta eskualdetako agentziak dira. Horrela, dagoeneko Gipuzkoako 10 eskualdek dute beren energia plan propioa, Gipuzkoako Foru Aldundiak esan duenez, eta jarduera eremua Gipuzkoako 89 udalerrietatik 88ra iristen da. «Orain, erronka Donostia hiria txertatzea da, lurraldearen % 100ari estaldura emateko».  Tolosaldean enpresa txiki eta ertainei energia aurreztera eta energia eraginkortasunerako neurriak ezartzen laguntzera bideratuko dute diru laguntza.

Akordioaren helburua Gipuzkoako jasangarritasun energetikoaren estrategia zabaltzea dela esan dute, horretarako eskualdeko energia planak bultzatuz. Eskualde bakoitzak 55.000 euro jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eskutik. Jasangarritasun Departamentuaren helburua da Gipuzkoako eskualde guztiek beren energia plan propioa izatea, lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko, Gipuzkoa Klima 2050 Klima Aldaketaren Gipuzkoako Estrategian ezarritako helburuekin bat eginez.

Horri dagokionez, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, «orain inoiz baino gehiago, funtsezkoa da Gipuzkoan trantsizio energetiko bidezko eta jasangarri baterantz aurrera egitea. 550.000 euroko inbertsio honen bidez, gure eskualdeei laguntzen diegu energia berriztagarrien erabilera eta energia eraginkortasuna sustatuko duten tokiko energia planak gara ditzaten. Horrek pobrezia energetikoari aurre egiten lagunduko du, gure mendekotasun energetikoa eta CO2 emisioak murriztuko ditu, Klima Aldaketari buruzko Gipuzkoako Gipuzkoa Klima 2050 Estrategiaren ildotik. Eskualdeetako garapeneko agentzien parte hartzea funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak baitira eta tokiko ekintza eraginkorrak koordina baititzakete. Udalerri guztiekin batera lan egiteko konpromisoa dugu, guztiontzako Gipuzkoa berdeagoa eta bidezkoagoa lortzeko».

Estrategia komuna
Hitzarmenen helburua jasangarritasun energetikoko estrategia komun bat bultzatzea dela esan du foru aldundiak, «eredu energetiko jasangarri bateranzko aldaketa bultzatzeko, Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murrizteko eta  mendekotasun energetiko txikiagoa eta CO2 emisioen maila gero eta txikiagoak ahalbidetzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!