Aiztondoko udalek zerbitzua hobetzeko eskatu diote Renferi

Ataria 2024ko ekainaren 6a

Gutun bana bidali diote udalek Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuari eta Oscar Puente Espainiako Garraio ministroari.

Azken urteetan Irun-Brinkola aldiriko tren zerbitzuaren gainbeherarekin kezkatuta Zizurkil, Amasa-Villabona, Asteasu eta Adunako alkateek bat egin dute tren garraio zerbitzu publikoko arduradun politikoei egoera honen aurrean neurriak har ditzaten eskatzeko.

Gutuna bidali diete Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuari eta Oscar Puente Espainiako Garraio ministroari, egungo murrizketekin eta aurrez abisatu gabeko trenen atzerapen eta ezeztapenekin amaitu eta zerbitzua hobetzeko beharrezkoak diren baliabideak jarri ditzaten.

Gutunean alkateek aipatzen dute, besteak beste, Lezo-Errenteria eta Irun arteko tartean noranzko bakarra ezarri denetik, 42 tren gutxiago dabiltzala Gasteiz-Donostia-Irun bitarteko distantzia ertaineko zerbitzuan. Nabarmendu dute, aldi berean, Irun-Brinkola ibilbidea egiteko 2017an ordu eta erdiko denbora behar izaten zela, eta orain berriz, apirilaren 29tik, bide bera egiteko gutxienez bi ordu behar izaten direla.

Horrekin batera, Zizurkil, Amasa-Villabona, Asteasu eta Adunako alkateek Billabona-Zizurkil geltokiaren egoera «tamalgarria» salatu dute gutunean. «Geltokia guztiz zaharkitua geratu delako eta gutxieneko irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituelako. Horregatik geltokiaren eraberritze integrala eskatzen dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!