Landa eremuaren garapenaz hausnartzeko saioak

Ataria 2024ko ekainaren 6a

Aritz Ganboa Berastegiko udaletxean izango da hilaren 13an. Irudian, Iruran, hitzaldia ematen.

Tolomendik bi saio antolatu ditu elikadura burujabetzaz, lehen sektorearen etorkizuneko erronkez, landa komunitateaz edota zaintzaz gogoeta egiteko.

Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapen Elkarteak datozen hilabeteetan Tolosaldeko Landa Komunitateen Garapenerako Programaren inguruko lanketa burutu behar du, datozen urteetarako eskualdeko ardatz estrategikoak definitzeko helburuarekin. Programaren inguruko lanketari ekin aurretik, bi girotze saio antolatu dituzte, ondorengo galderari buruz gogoeta egiteko: Landa eremuan, hiriaren garapen ereduaren kopia bat sustatu behar dugu edota landa eremuaren berezko balioetan oinarritutako garapen eredu propio bat?

Lehen saioa hurrengo ostegunean, hilaren 13an, izango da, Berastegiko udaletxean, 19:00etan. Bertan, elikadura-burujabetza eta lehen sektorearen etorkizuneko erronkez ariko dira Aritz Ganboa Nafarroako Sakanako bailaratik eta Iparraldeko Euskal Herriko Laborantza Ganbarako Iker Elosegi.

Bigarren saioa Amasako Kultur Etxean izango da, ekainaren 28an, ostirala, 11:00etan. Landa komunitateak, zaintza eta jarduera ekonomiko berriak hizketa-gai hartuta ariko dira Jaime Izquierdo asturiarra eta Raul Pilar Garces, Olloko Gure Sustraiak Kooperatibako kidea.

Bi girotze saio horien ostean, udazkenean Tolosaldeko Landa Komunitateen Garapenerako Programa egiteko lanari ekingo zaio eskualdeko norbanako, elkarte eta udaletxeekin elkarlanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!