Berrobin erabakiko dira txapelketetako irabazleak

Ataria 2024ko eka. 5a, 19:57

Kutturru eta Berrobi taldeetako kapitainak eta epailea, finalerdian.

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketaren finala eta hirugarren postua erabakitzeko partida jokatuko dira larunbatean Berrobiko frontoian.

17:15ean hasiko da 3. eta 4. postua erabakitzeko partida, Ikaztegietako Kutturru taldearen eta Aizarnazabalen artean. Finala 18:15ean hasiko da, eta aurkariak Berrobi eta Itziar izango dira. Helduen partiden aurretik, haurren topaketako partidak izango dira jokoan. 15:15ean 3. eta 4. postua erabakitzeko, Ikaztegieta eta Errezilen artean, eta 16:15ean finala, Betelu eta Aizarnazabal artean.

Asteburuan Berrobi eta Kutturru taldeen arteko finalerdiaren itzulerako partida jokatu zen, eta Berrobik 14-7 irabazi zuen. Gozatu ederra hartu zuten Berrobiko pilotalekua bete zuten zaleek, ez baita ohikoa areto futbolean 21 gol ikustea; hala ere areto futboleko partida baino eskubaloikoaren itxura gehiago izan zuen. Erasoan bat bikain aritu zen, bestea ongi, baina atzeko lanean bat oso gaizki eta bestea ere ongi ez.

Partidak emozioa izan zuen, eta neurketako azken txanpan apurtu zen. 10-7koarekin Kutturruk erasora jo zuen, eta une horretan galdu behar ez zituen lekuan bi baloi galdu ostean, etxekoek kanporaketa erabakita utzi zuten. Horrela Berrobik Itziarren aurka jokatuko du finala eta hirugarren posturako lehian Ikaztegietako Kutturruk Aizarnazabalen aurka jokatuko du.
 
Finalerdiaren fitxa
BERROBI 14, KUTTURRU 7
 
BERROBI: Rios, Ascarai, Zubiria, Altuna eta Etxenagusia –hasierako bostekoa–, Garrido, Lizardi, Gil, Mantxola eta Egimendia.
 
KUTTURRU: Sagastibeltza, Arruabarrena, Rufo, Yacob eta Larrañaga –hasierako bostekoa–, Leunda, Alan, Murua, Wilmer, Sadoum eta Gelbentzu.
 
EPAILEA: Bixen Agirre.
 
GOLAK: Berrobi: Gil (6), Altuna (3), Etxenagusia (3) eta Zubiria (2). Kutturru: Rufo (4), Larrañaga, Yacob eta Alan.
 
GORABEHERAK. Ia beteta Berrobiko pilotalekuko harmailak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!