Sare publikoa babesteko baliabideak eskatu dituzte

Ataria 2024ko eka. 4a, 11:59

Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak bailarako sare publikoko ikastetxeak bildu ditu, bailarako hezkuntza egoeraz hitz egin eta datorren ikasturteko matrikulazio datuak partekatzeko.

Aiztondo bailarako egungo hezkuntza egoera aztertu eta 2024-2025 ikasturte berrirako datuak partekatzeko ordezkaritza bildu zen aurreko astean Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian. Euskal eskola publikoa eta Haurreskolak babestuko dituzten baliabideak martxan jartzeko beharra azpimarratu zuten bertan Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeko kideek. Baliabide horiek eskatu zizkieten bailarako udalei eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari.

Taldeak egindako deialdiari erantzun zioten Larraul, Asteasu, Alkiza, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabonako Haurreskola partzuergoko, herri eskoletako eta Erniobea institutuko zuzendaritzek, baita guraso elkarteetako familiek ere. Aiztondo bailarako eskolek izan dituzten matrikulazio datuak partekatu zituzten bilkuran,  2 urteko gelan hasiko diren haurrenak eta 12 urterekin institutuan hasiko diren gazteenak.

Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak emandako datuen arabera, bailaran 2 urteko geletan matrikulatu diren lau ikasletik hiru ikastetxe publikoa aukeratu dute. 84 ikasletik 63 ikasle ariko dira sare publikoko ikastetxeetan eta 21 bestelakoetan. Alkizako herri eskolan edota Adunakoan, adibidez, herriko ume guztiak matrikulatu dira bertako eskolan. 

DBHko lehen mailan Aiztondon matrikulatu diren 119 ikasleetatik 83k eman dute izena Erniobea institutuan. Horrek esan nahi du, hamarretik zazpik aukeratu dutela bailarako institutua, eta hiruk berriz, bestelako ikastetxeetan egin dutela matrikula.

Aldi berean, bailarako Haurreskolek gaur egun izaten ari diren traba administratiboak aipatu dituzte gainerako eskoletako eta guraso elkarteetako ordezkariekin egindako bileran.

«Denona, denontzako, euskalduna, laikoa eta gizarte kohesioa bermatzen dituen euskal eskola publikoak jarrai dezala aurrerantzean ere indarra metatzen», aipatu dute Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeko kideek eta eskerrak eman dizkiete sare publikoaren aldeko hautua egin duten bailarako familiei.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!