Final-laurdenetan sartu da Tolosa gomazko paletan

Ataria 2024ko maiatzaren 31

Herriarteko Pilota Txapelketan Tolosak aurrera egin du gomazko paleta modalitatean, Oiartzunen aurkako kanporaketa gaindituta.

3-0 irabazi zuten joaneko jardunaldian Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta asteburuan itzulerako jardunaldia 1-2 irabazi dute Oiartzunen. Asteburu honetan final-laurdenetan hasiko dira tolosarrak eta aurkari Mutriku izango dute. Joaneko jardunaldia, tolosarrentzat etxekoa, ostiral honetan jokatuko dute, 19:45etik aurrera, Amezketako Larrunarri pilotalekuan.

Eskuzko modalitatean geratzen ziren eskualdeko bi herriei bere ibilbidea bukatu zaie final-zortzirenetan. Altzo Zaldibiaren aurka 2-1 galtzen zihoan lehen jardunaldian, eta asteburuan etxean jokatutakoan ere 2-1 galdu zuen. Amezketak Bergararen aurka izan du kanporaketa, eta bi jardunaldietan 2-1 galdu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!