Jada 47 dira Tolosaldeko gastronomia sustatzeko klubean dauden establezimenduak. Eskualdean gastronomia turismoaren garapen jasangarriak duen garrantzia ikusita, klubean parte hartzea geroz eta zabalduago dago eskualde mailan. Hainbat jatetxe, erretegi, taberna, sagardotegi, ekoizle, gozotegi, museo nahiz ekoizle gastronomikok parte hartzen dute bertan.
Turismo eskaintza guztia modu bateratuan aurkezteak, eskualdea erreferentziazko jomuga gastronomiko gisa kokatzen laguntzen du. Izan ere, produktu bereizgarriak izateaz gain, Tolosaldeak gastronomiaren inguruko kultura bizia duela erakusteko aukera eskaintzen du; azoka dinamikoak, bertako elikagai ekoizpena, belaunaldiz belaunaldi pasa den jakintza, bezeroaren nahiei etengabe egokitzen den sektorea… Gastronomia eskaintza aberatsa gordetzen eta zaintzen duen eskualdea gara eta hori da bilgune honi esker ezagutarazi nahi dena.
Tolosako azokak protagonismo berezia hartzen du proiektuan, izan ere, larunbateroko plan gastronomiko erakargarrienetako bat da azokatik buelta bat ematearena. Tolosako Plaza Zaharrean dagoen eskualdeko Turismo Bulegotik Tolosako azoka gida batekin ezagutzeko aukera eskaintzen da, larunbatero, 11:00etan, ekoizle ezberdinekin hitz egiteko aukera eskainiz eta horren ezagunak ez diren produktuak aurkeztuz. Nola ez, norberak bere kontura bisitatu dezake azoka eta erosketa zorroa bertako produktuekin bete. Ez al da hori eskualdeko argazkirik onena?
Bisitariek erosketa gastronomikoak egin nahi izaten dituzte eta azoka, zalantzarik gabe, leku ezin hobea da, baina badira azokatik kanpo ere kutixi gehiago erosteko denda eta gozotegiak ere, eta horiek ere proiektuaren barruan daude; Barriola Harategiaren txistorra, Garia Okindegiaren ama orez egindako kalitatezko ogi eta opilak, Eceiza Gozotegiaren teila eta zigarrotxoak, Rafa Gorrotxategi gozogilearen txokolate zein gozoak eta Euskal Herriko txokolatearen inguruko historia biltzen duen Gorrotxategi museoa... Azken horretan gainera, bisitariak bere kontura egin dezake bisita, bisita gidatu bat lotu edo txokolate tailer batean eman dezake izena.
Hainbat taberna, jatetxe edo dendari dira klubeko kide eta baita, nola ez, eskualdeko hainbat ekoizle ere. Ekoizleak bertako zein atzerriko bisitariei ateak zabaldu eta ekoizpenaren nondik norakoak erakusteko prest daude. Bisitariek ekoizle gisa beste jarduera ekonomiko bat martxan jartzen eta, bide batez, euren produktuen garrantzia nabarmentzen laguntzen diete eta noski, ekoizleari zuzenean erosteko aukera bikaina dute. Gehienek aurrez hitzartuta eskaintzen dituzte bisitak.
Klubeko ekoizleen artean daude Bidaniko Urdapilleta, euskal txerriak nola hazten diren ikusteko aukera eskaintzeaz gain, produktuak dastatzeko aukera ematen duelarik; Getariako txakolina ekoizten duten Amasako Hika eta Alkizako Inazio Urruzula upategiak, zeinetan bisitak egin daitezkeen edota jatetxeetan bertako produktuak dastatu; Bedaioko Balerdipeko Erleak, online erreserbatuz larunbatero eskaintzen duen erlauntzetara bisita egiteko aukerarekin —bisita produktuen dastaketa batekin amaitzen dute—; eta ezin aipatu gabe utzi Asteasuko Goine Idiazabal gaztandegia eta Leaburuko Mahala etxea.
Ekoizle horiez gain, eskualdean garrantzia berezia duen ekoizle multzo bat ere badago, sagardogileena, alegia. Tolosaldeko sagardotegi gehienak urte sasoi batean bakarrik irekitzen dute eta zalantzarik gabe txotx garai hori berezia da bai bertakoentzat eta baita kanpotik datozenentzat ere, gastronomia esperientzia berezi eta dibertigarria baita oso.
Tolosaldeko sagardotegiak landa gunean daude eta betiko esentziari eusten diote. Adunan, gainera, sagastiak zeharkatu daitezke informazio panelekin osatutako ibilbide bati esker. Eskualdean sei dira sagardoa ekoizten duten sagardotegiak: Isastegi eta Eguzkitza Tolosan, Asteasun Sarasola, Lizartzan Goikoetxea, eta Adunan Zabala eta Aburuza. Azken honek, Aburuzak, urte guztian irekitzen du eta bisita gidatuak ere eskaintzen ditu.
Ekoizleen produktu guztiak eltze eta parrilletan goxatzen dira, kultura gastronomiko aberatsa sortuz. Jatetxe eta taberna bakoitzak bere historia du, eta baita bezero mota jakin bat ere. Zaporez betetako eskaintza dute, nahi eta behar guztietara hurbiltzen dena. Ezin aipatu gabe utzi herrietako ostatuen sarea. Alkizako eta Altzoko ostatuek sukaldaritza tradizional zaindua dute; Orexako ostatuan herrian bertan ekoizten diren gaztek dute protagonismoa eta bertako produktuez osatutako karta dute; Hernialdeko osatuan parrillan erretako arrain eskaintza dute; eta Larraulgo Zirta ostatuan txingarretan egindako platerak eta garai bateko errezeta berrituak dira nagusi.
Saritutako jatetxe multzo zabala ere badu Tolosaldeak. Michelin Gidan gomendatzen diren Enrique Fleichmann sukaldariak gidatutako Bidaniko Iriarte Jauregiko Bailara, Gorka Rico eta Javi Riveroren Tolosako Ama, eta Amak bezala bi Repsol eguzki dituzten Roberto Ruiz-en Amasako Hika jatetxea eta Xabi Gorrotxategik kudeatzen duen Tolosako Casa Julian erretegi historikoa. Repsol Gidan bada eskualdeko beste gomendapenik: Xabi Ruiz-ek gidatzen duen Nicolas Tolosako beste erretegi historiko bat eta Felix Belauntzaranen Berrobiko Iriarte jatetxea.
Badira eskaintza eskualdeko gastronomikoa borobiltzen duten beste jatetxe batzuk ere: Bidaniko Iriarte Jauregiko Bistró IHJ, Tolosako Oria Hotelean Ama jatetxekoek zabaldutako Bertakoteka eta hotelean bertan dagoen Botarri jatetxe tradizionala, eskaintza zabala duen Tolosako Euskal Herria plazako Bide-bide taberna-jatetxea, Beotibar frontoian dagoen Fronton eta baita Alondegia ere. Pintxoen eskaintza zabala ere bada eskualdeko bereizgarrietako bat; Tolosako Ikatza, Xare, Karela eta Orbela, eta Ibarrako Txumitxa tabernak dira horren adierazle. Txumitxa gildagatik da ezaguna, baina piper ekoizlea ere bada.
Larraitzen dagoen Larraitz-gain eta Asteasuko Iturri Ondo, berriz, betiko jatetxeak dira; eskaintza tradizionala dute eta hamaiketakoa egiteko dira bereziki aproposak. Tolosako Burruntzi erretegian parrillan egindako haragia jateaz gain, kalitatezko arrain eskaintza dute.
EUSKADI GASTRONOMIKA SAREAREN BALIOEN GUTUNA
- Kultura gastronomikoa ulertzeko modu propioa izatea. Hurbileko produktuak eta tradizio gastronomikoa aurkeztea Euskal Herriaren nortasun kulturala zainduz.
- Sarean lan egitea. Euskadi helmuga gastronomiko gisa garatzeko konpromisoa hartuz, beste enpresa batzuekin eta lurraldeko beste eragile batzuekin elkarlanean arituz.
- Bisitariak etxeko sentiaraztea. Arreta profesional eta pertsonalizatua, giro erakargarri eta abegikor bat sortuz, turista bertako gastronomian murgiltzeko.
- Egiten duguna mundu zabalera zabaldu. Informazioa digitalizatu, eguneratuta mantendu eta bezeroaren iritziak entzunez online ospea modu aktiboan kudeatu.
- Kalitatea eta berritasuna bermatu. Etengabeko formakuntza erraztu eta sustatu, kalitate turistikoarekin konpromisoa hartu eta esperientzia gastronomiko bereizgarri bat landu.
- Gure lurra, itsasoa eta animaliak zaindu. Ingurune naturala babestuz eta mantenduz, sasoiko produktuen aldeko apustua eginez, lurraldearen tokiko garapenaren aldeko apustua eginez.
- Eskaintza inklusibo eta eskuragarria.
- Euskadiko turismoaren kode etikoaren helburuekin bat egin.
- Telefono zenbakia. 606 758 577
- Webgunea. tolosaldeagaratzen.eus
- E-posta. garmendia@tolosaldea.eus