Areto futboleko Gipuzkoako Herri Txikietako Txapelketaren finalerdia jokatu da Ikaztegietan, eta herriko Kutturru taldeak 5-4 irabazi dio Berrobiri. Ostiralean, 19:00etan Berrobin jokatuko da itzulerako neurketa.
Joaneko partida oso ona izan zen, intentsitate eta emozio handikoa. Etxekoak azkar aurreratu ziren markagailuan 2-0, baina Berrobikoen erreakzioa ere ona izan zen, neurketan sartuz. Hala ere, atseden hartzerako etxekoek egin zuten hirugarrena, aldageletara 3-1 joanez.
Bigarren zatia emozioz beterikoa izan zen. Berrobi presioa goian eginez atera zen, eta hortik irtetea asko kostatu zitzaien etxekoei eta horri esker kanpotarrek berriro ere markagailua murriztu zuten. Kutturruren erreakzioa ona izan zen, laugarrena sartuz. Hortik aurrera bi ateetan izan ziren aukerak, eta bi atezainak bihurtu ziren protagonistak.
Hurrengo kolpea etxekoek eman zuten laugarrena sartuz, baina kanpotarrek ez zuten barkatu, berriro ere gol batera jarriz. Biak ari ziren golerako aukerak egiten, baina oraingoan etxekoek izan zuten bosgarrena sartzeko aukera eta 5-3 jarri ziren. Azken txanpan biek izan zituzten berriro ere markagailua handitzeko aukerak, baina azken segundoetan falta baten bitartez Berrobik egin zuen gola eta markagailua 5-4koan utzi.
GAZTETXOAK
Gaztetxoen topaketako partida ere bikaina izan zen. Beteluk 6-10 hartu zuen mendean Ikaztegieta. Neurketa oso orekatua joan zen, eta norgehiagokaren azken hondarrean egin zuen aldea kanpoko taldeak. Hala ere bi taldeetako jokalariak gustura amaitu zuten, ederki pasa eta ederki pasarazi baitzien gainerakoei ere. Hurrengo ostiralean lehiatuko dira berriro ere, oraingoan Betelun.