Landa Garapen Programa berria prestatzen hasiko da Tolomendi

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 28a, 07:59

Abenduan, landa eremuen eta landa herrien etorkizunaz aritu zen Jaime Izquierdo, Orexan. JON MIRANDA

Udazkenean hasiko dira datozen bost urteetarako egitekoak zehazten, baina uda aurretik, hiru girotze saio egingo dituzte, eta ostegunean izango da lehena.

2022an onartutako Landa Garapeneko lege berria dela eta, EAEko Landa Garapen Elkarteak plan estrategikoak berritu edo eguneratu beharrean daude, lege horren helburuetara egokitzeko. Aurten egin beharreko lana da, eta horretan dihardu Tolomendik; 2025-2030 eperako zehaztuko dute programa berria. Ondorioz, urtea amaitu aurretik, datozen urteetako helburuak, estrategiak eta ekintza nagusiak identifikatu eta lehenetsi nahi ditu Tolosaldeko Landa Garapen Elkarteak.

Landa eremuei eragiten dien programa , espazio horietan dauden eragile, erakunde, elkarte eta sektore desberdinetako kideekin, parte hartze prozesuak egingo dituzte udazkenean, dinamika batzuen bitartez. «Beraien konpromisoa behar dugu, protagonista izan daitezela, beraiek egiten dutelako landa eremua», esan dute Tolomenditik.

Hala ere, uda aurretik, lagungarri izan daitezkeen girotze saioak antolatu dituzte. Landa garapenari eta lehen sektoreari lotuta, zaintzari eta jarduera ekonomiko berrien aukerei buruz informatu nahi dituzte eskualdeko herritarrak, alor horietan erreferente diren adituekin. «Ikuspegia zabaldu nahi diegu herritarrei, lehen hausnarketa, erronka edota galderak mahai gainean jartzeko. Uda ondoren erantzungo diegu horiei, leheneste ariketa baten bitartez».

Ostegun honetan izango da lehen saioa, 19:00etatik 21:00etara, Tolosako Zerkausian. Landa garapenaz ariko dira Eneko Maioz Tolomendiko lehendakaria eta Jaime Izquierdo. «Maiozek datozen hilabeteetan egin beharreko lanketa edo prozesua kokatu eta azalduko du. Horrez gain, landa garapenean duen esperientzia pertsonaletik abiatuta, zenbait galdera planteatuko ditu. Izquierdok, berriz, mahai gainean jarriko du landa eremuentzako eta bertako biztanleentzako babestu izan duen ikuspegia. Baliagarria eta interesgarria litzateke ikuspegi horietatik abiatuta hausnarketarako zenbait ideia sortzea».

Bigarren saioa, Berastegin izango da ekainaren 13an, eta lehen sektorearen eta elikaduraren inguruan hitz egingo dute Euskal Herriko Laborantza Ganberako Iker Elosegik eta Aritz Ganboa Sakanako (Nafarroa) artzainak. «Ezinbestean lotuta dauden bi gai dira, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian horien inguruan dituzten estrategiei eta garatzen ari diren ibilbideari buruz ariko dira. Zenbait eredu jarriko dituzte mahai gainean, eta erronka berriak planteatuko dituzte, horietatik abiatuta, sakontze ariketa bat egin ahal izateko».

Ekainaren 27an egingo dute hirugarren eta azken saioa, Villabonan. Zaintzari, bizi kalitateari eta jarduera ekonomiko berriei buruz ariko dira bi aditu. Horietako bat Raul Pilar Garces izango da, Gure Sustraiak kooperatibako koordinatzailea —beste hizlaria zehazteke dago—. «Nafarroako landa eremuko herri txikietan martxan jarri dituzten zenbait proiektu aurkezteaz gain, sor daitezkeen beharrei erantzuteko modu berriak azalduko ditu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!